“Bizitzako ezein esparrutan ez da gertatzen negozio bat gaizki kudeatu dutenak aberastea; Nafarroako politikan, ordea, bai”. EH Bildu koalizioak onartezina deritzo Nafarroako Kutxa “hustu dutenak” zigorrik jaso gabe alde egiteari. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute auzia sakon ikertzea eta ardura guztiak argitzea: politikoak, ekonomikoak eta zigor arlokoak. “Ezin dugu onartu eskuinak Nafarroa nora ezean lurraldea arrastaka eramatea eta alderdi sozialistak adorerik gabe eskuinaren menpeko rol historikoa alboratu nahi ez izatea”.
Hala, otsailaren 2an Nafarroako hainbat herritarrek deitutako manifestazioarekin bat egin dute, eta dei egin diete herritarrei parte hartzera. Beharrezkotzat jo dute herritarren konpromisoa Nafarroan eraldaketa demokratikoa gauzatzeko. Prentsaurrekoan izan dira, besteak beste, Txelui Moreno, Patxi Zabaleta, Miren Aranoa, Maiorga Ramirez, Asun Fernandez Garaialde, Koldo Amezketa, Txentxo Jimenez eta Victor Rubio.
Aurreko astean Yolanda Barcinak argudiatu zuen jada ez dela beharrezkoa ikerketa batzordea irekitzea. Patxi Zabaletak azpimarratu du ikerketa judiziala eta parlamentuko ikerketa batzordea “bateragarriak” direla, eta hala gertatu zela Urralburu eta Otano auziekin zein Espainian izan diren beste ustelkeria kasuekin. Nahiz eta Barcinak eta Enrique Goñi kutxako zuzendari nagusi ohiak parlamentuan agerraldia egingo duten, Txelui Morenok gogorarazi du ez daudela behartuta egia esatera edo erantzutera. “Aldiz, ikerketa batzorde batean bai. Diferentzia itzela da”, zehaztu du.