Ohi baino lehenago ekin zion mahatsak biltzeari, eta ohi baino fruitu emankorragoak lortuta amaitu du bilketa Nafarroako sor-markak. Hasiera batean 77 milioi kilo mahats inguru batzea espero bazuen ere, aurreikuspenak gainditu, eta orotara, 84 milioi kilo mahats bildu ditu, iaz epe berean baino %10 gehiago; mahats beltzak eta gorriak dira 75 milioi kilotik gora; gainerako 9 milioi kiloak, berriz, ardo zuria egiteko baliatuko ditu. Sor-markaren ordezkariek "historikotzat" jo du aurtengo uzta. Erriberabeitian jaso dituzte kilo gehien.
Duela bi hilabete hasi zuten mahats bilketa Nafarroan, eta egunotaraino luzatu da. "Era mailakatuan" egin dute, lurraldearen ezaugarri bereizgarriengatik. Hilabeteotako eguraldia lagun, 11.000 hektareetako mahastien osasun egoera "oso ona" izan dela jakinarazi du sor-markak, eta azpimarratu du "ezin hobea" izan dela bilketa: kalitatezko kilo asko batzeaz gain, mahatsa "erabat helduta" dagoela ohartarazi du.
Araban ere sekula baino mahats gehiago jaso dituzte txakolina egiteko. 2012ko langa gainditu eta 646.000 kilo bilduta, inoizko bilketa onena bukatu dute; "historikoa", Arabako txakolinaren sor-markako arduradunen hitzetan. Eta ez da gutxiagorako: iragan urtean baino %17 mahats gehiago bildu dituzte. Urteotan ematen ari den esportaziorako goranzko joerari eutsi ahalko diote horrela.