Nafarroako sozietate publikoak «administrazio paralelotzat» jo ditu ELAk

Enpresa publikoen legedi aldaketak «opakotasun gehiago» eta «kontrol gutxiago» dakarrela salatu du

joxerra senar
Iruñea
2009ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa deritzon talde handi batean bildu nahi ditu kapital publikoko sozietateak UPNren eta CDNren exekutiboak. Horretarako lege proiektu bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Martxoaren 2an, gobernuak azaldu zuen aldaketa horren bidez «eraginkortasuna» irabazi nahi dutela. Aldiz, ELAk salatu du operazio horren bidez gobernuak arlo publikoa pribatizatu nahi duela, eta enpresa horietan «boterearen lagunak»jartzeko beste saio bat dela. Izan ere, sindikatu abertzaleak uste du sozietate publikook «administrazio paralelo» bat osatzen dutela.

Lege proiektu hori aurrera ateraz gero, 32 sozietate publiko korporazio handi horretan bilduko dira, eta enpresak bi ataletan sailkatuko dira: administrazio alorrekoak, eta merkatu alorrekoak. Lehen atalean, interes publikoko jarduerak egiten dituzten enpresak sartuko dira, eta langileak «berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz» egingo dira. Izaera publikoa ez dute galduko.

Bigarrengo atalean, ordea, administrazioaren erakunde izateari utziko diote, eta beste ondorioen artean, kontrol eta fiskalizazio publikotik kanpo geratuko dira. Lege proiektuak ez du jasotzen langileak bere merezimenduen arabera aukeratuko direla.

Uneotan sektore publiko hori nahikoa lausoa bada, ELAk uste du lege aldaketak «opakotasun gehiago» eta «kontrol gutxiago» ekarriko duela. Sindikatuaren aburuz, kritikagarria da kapital publikoko enpresak egotea, baina lege aldaketa horren bidez, guztiz onartezina da enpresa pribatuak sortu eta horiei «administrazioak egin beharreko lanak esleitzea». Mitxel Lakuntzaren arabera, ordea, pauso horrek erakusten du arlo publikoaren inguruko UPNren ikusmoldea «negozioa egitea» dela.

ELAren arabera, lege aldaketak izango du beste ondoriorik. Batetik, merkatu alorreko enpresa horietan langileak merezimenduen arabera aukeratu ordez, «nahierara» aukeratzeko bidea emango du. 2000tik, enpresa publikoei 35 orduko lan astea ezartzen zaie, baina, lege proiektuaren arabera, merkatu alorreko enpresei kendu egin diezaiekete jardunaldi hori. ELAk kritikatu du alor publikoko hitzarmena beharrean, «lan baldintza okerragoko» hitzarmena ezarriko zaiela.

Hemendik aurrera, ELAren asmoa da lege proiektu horren berri ematea sektoreko langileei. Dena den, ELAk onartu du sindikalgintzak «begi txarrez» ikusten duela eremu hori: «Lanak egin behar izan ditu ELAk esparru horretan sartzeko».



Enpresa publikoak

KOPURU ZEHAZGABEA

Zenbat enpresa publiko daude? Ez dago oso argi. Lege proiektuan 30 agertzen dira, baina lege hori aurkezteko prentsaurrekoan gobernuak 32 aipatu zituen, eta 2009ko aurrekontuetan 35 enpresa agertzen dira. Guztiak kontuan izanda, 40 zenbatu ditu ELAk.

Zenbat langile daude? 1.092. Hiru enpresatan langile bat bera ere ez dago, eta 25 langile baino gutxiago izan arren, administrazio kontseilua dute 19 enpresek.

Zenbat diru jasotzen dute? 2007an, 27 milioi euroko laguntzak izan zituzten. Etekinak, berriz, 12 milioikoak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.