Frantziako Gobernuak hartutako jarreraren kontrakoa hartu du, berriz, Nafarroakoak, enplegua sustatzeko neurrien artean abiadura handiko trena bultzatuko baitu. Hala azaldu zuen Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak atzo, lanpostuak sortzeko eta gastu publikoa murrizteko abian jarriko dituzten neurriak aurkezteko egindako agerraldian. Behin lanak adjudikatuta, datozen asteetan hasiko dira Cadreita eta Alesbes arteko 8,5 kilometroko zatia eraikitzen. Lan horiek ehunka lanpostu zuzen eta zeharkako sortzeaz gain, enpresa hornitzaileetan beste hainbat lanposturi eustea ahalbidetuko dutela adierazi zuen. 30 milioi euro inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak.
Langabeziari aurre egiteko beste neurri batzuen berri ere eman zuen: Moderna Fundazioa martxan jartzea, Europako Inbertsio Bankuak emandako 250 milioi euroko mailegua enpresa proiektuetara bideratzeko; urtea bukatzerako 2012tik 2016ra arteko inbertsio plan bat diseinatzea; eta Nafarroako gizarte eta ekonomia arloko eragileen arteko elkarlana bultzatzea. Aurreratu zuen Nafarroako Gobernua, CCOO eta UGT sindikatuak eta CEN patronala lanean ari direla ekonomia bizkortzeko plan bat itxuratzeko.
Horiez gain, gastu publikoa murrizteko neurriak ere iragarri zituen Barcinak. Helburua: defizitari jarritako muga «zorrotz» errespetatzea; aurten, gehienez, BPGaren %1,3. «Hori da Espainiako ekonomiari egin geniezaioken ekarpenik onena». Presidentearen esanetan, aurten, iaz baino diru sarrera handiagoak izango ditu Nafarroako Gobernuak, baina ez aurreikusi adinakoak. Horregatik, datorren astean aurtengo ekitaldia ixteko prozedura onartuko dute eta 2012ko aurrekontuetarako sabaia ezarriko diote gastuari.
Gastua murrizteko neurrien artean, goi kargudunak %24 gutxitzeko eta Administrazioaren egitura %8 txikitzeko prozesuarekin jarraituko dute,produktiboak ez diren bulego eta eraikinak salduko dituzte eta Nafarroako Ikus-entzunezko Kontseilua eta RTVEko Aholku Batzordea kenduko dituzte, besteren artean. Ikus-entzunezko Kontseilua kenduta urtean 500.000 euro aurreztuko ditu Foru Gobernuak.
Bukatzeko, datorren urterako aurrekontuez aritu zen Barcina, «2013an oreka lortzeko lehen urratsa izango direlako». Gastu lerro guztiak berrikusteko, berrantolatzeko eta murriztu edo desagertzeko konpromiso irmoa hartzen duela esan zuen.
...Nafarroakoak bultzada jaso du...
Enplegua sustatzeko eta gastua murrizteko neurri gehiago iragarri ditu Barcinak; tartean, AHTa eraikitzen hastea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu