Aurreikuspen ekonomikoen okertzeari aurre egiteko, 54 milioi euroren murrizketak egingo ditu Nafarroako Gobernuak. Diru horren ia erdia hiru neurriren bidez lortzea adostu dute UPNk eta PSNk: erregaiei beste zerga bat aplikatuko diete, osasunerako zentimoa izenekoa, eta haren bidez zortzi eta hamar milioi artean biltzea espero dute; iruzur fiskalari aurre egiteko plan berri bati esker hamalau milioi lortuko dituztela diote; eta sozietate zerga aldatuta, bizpahiru milioi gehiago poltsikoratuko ditu Ogasunak. Nafarroan amnistia fiskalik ez izatea ere adostu dute.
Kostatako akordioa izan da; gobernuko bi bazkideek bi aste eman dituzte neurriak negoziatzen. Gaur emango dute akordio osoaren berri, baina Noticias de Navarra-k aurreratu ditu eduki nagusiak. Amnistia fiskala eta funtzionarioen lanaldia izan dira eztabaidarako gai nagusiak. PSNk ez zituen onartu nahi ez bat eta ez bestea. UPNk amore eman du lehen puntuan, baina langile publikoei luzatu egingo die asteko lanaldia. Oraindik ez dute zehaztu zenbatean eta zein modutan, baina esan dute lanpostuen galerarik ez duela eragingo eta sindikatuekin negoziatzeko prest daudela.
Bazegoen beste zalantza bat ere: paperik gabeko etorkinek osasun zerbitzuetara jotzeko aukerarik izango ote duten—Espainiako Gobernuak osasun txartela kenduko die abuztuaren 31n, eta larrialdietara soilik jo ahal izango dute—. Zerbitzua ematearen aldekoa da PSN, baina UPNk gainerako herrialdeetako paperik gabeko etorkinak erakartzeko kezka agertu du. Hala, erdibideko zerbait adostu dute: orain artean Nafarroan bizi zirela frogatzen dutenek soilik jasoko dute doako zerbitzua.
Akordioak beste hainbat neurri ere biltzen ditu. Besteak beste, enplegua sustatzeko neurriak hitzartu dituzte, eta ekonomia suspertzeko hainbat neurri iragarri.
Nafarroan amnistia fiskalik ez, baina bai osasunerako zentimoa
UPNk eta PSNk gaur jakinaraziko dute 54 milioiren murrizketen gainean lortutako akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu