Datorren astean sartuko da indarrean. Tramitazio azkar bidez, irakurketa bakarrean, onartuko da Parlamentuan, datorren azaroaren 22an. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak azaldu duenaren arabera. Ondorioz, espero da hurrengo aste amaieran izatea, edo, bestela. hilaren 26ko astearen hasieran.
"Oso azkar, baina presarik gabe". Nahiz eta Ekintza Juridiko Dokumentatuen legean egin beharreko aldaketa txikia izan, aldagai ugari eduki behar dira kontuan, eta Aranbururen hitzetan, aldaketaren bizkortasunaz gain, batik bat segurtasun juridikoa bermatzea hartu dute aintzat.
Gaur onartu du foru lege proiektua. Orain arte, kooperatibak zerga ordaintzetik libre zeuden. Alta, orain, finantza erakunde kooperatiba batek hipoteka mailegua emanez gero, hemendik aurrera zerga ordaindu beharko du; aldiz, kooperatiba maileguaren hartzaile bada, zerga ordaintzetik libre dago. Aranburuk zehaztu du Espainiako Gobernuak iragan astean onartutako dekretuaren kasuan, ez zutela kooperatiban kasua kontuan izan. Gaineratu du egun zerga ordaintzen ez duten salbuespenak (hala nola, alderdiak, Gurutze Gorria eta bestelako elkarteak) mantenduko direla.
Urtean lau milioi
Aldaketak ez du zerga bilketan eraginik izango, eta gobernuak aurreikusten du urtero 4 milioi euro inguru biltzea.
Parlamentuaren eskuetan dago aldaketa onartzea. Beste aukeren artean dago Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako formularen alde egitea. Aranbururen iritziz, lehen etxebizitza zerga ordaintzetik libre utzi baina bigarrenetik aurrera finantza erakundeak ordaindu behar izatea, teknikoki "arazo bat izan daiteke finantza erakundeentzat". Bere ustez, Ogasunak ez bezala, bankuek ez lukete kontrolik zehazteko noiz den lehen edo bigarren etxebizitza". Argi utzi du, dena den, bere iritzia baino ez dela.
Alderdien artean, PSNk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k aurreko astelehenean defenditu zuten bankuek ordaintzearen alde daudela. UPNk eta EH Bilduk begi onez ikusi zuten lehen etxebizitza zerga ordaintzetik libre uztea, eta PPk zerga kentzea hobetsi du. Geroa Baik ez zuen bere posizioa publiko egin, gobernuaren proposamena ezagutu bitartean.