Guztira, 2,2 milioi bezero izan dituzte aurten Hego Euskal Herriko hotelek, iaz baino %5 gehiago. Atzo Eustatek eman zituen bere datuak, eta gaur Nafarroako Estatistika Erakundearen txanda izan da. Horietan ikusten denez, Nafarroak Arabaren eta Bizkaiaren bideari jarraitu dio, haietan bezala gora egin baitute bezeroek urtea hasi zenetik. Araban eta Bizkaian %7tik gora gehitu dira, eta Nafarroan, berriz, %3,5. Salbuespen bakarra Gipuzkoa da, aurreko urteotan bisitarien hazkunderik handiena izan duen lurraldea —%0,4 baizik ez dira ugaritu—.
Beste hiru lurraldeetan bezala, uztailean sektoreak goia jo duen zantzuak daude Nafarroan ere. Bisitari kopurua %1 txikitu da (111.290), baina haien egonaldia luzatu denez, igarotako gauak %4 handitu dira (208.860). Bisitari horiek, gainera, garestiago ordaindu dituzte egonaldiak: batez beste 93,3 euro ordaindu dute gaueko, iaz baino %8,3 gehiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zazpi eurotik gora garestitu da gaueko gastua, 102,1 euroraino.
Nafarroako Estatistika Erakundearen arabera, 274 hotel, pentsio eta ostatu daude herrialdean, eta 12.107 ohe dituzte.
Beste euskal lurraldeetako herritarrak dira Nafarroako nagusiak. Horrela, bisitarien %19 dira Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak. Haien atzetik datoz madrildarrak (%17,5) eta katalanak (%15,4).