Etxea zaharberritu nahi dutenek diru laguntzak jaso ahal dituzte atzodanik Nafarroan, indarrean jarri baita etxebizitza alorreko berehalako neurrien inguruko foru legea. Batetik, 2011ko abenduaren 31era arte, bainugelan komuna, dutxa eta bainuontzia aldatu, etxean ate berriak jarri edo zoruan berritze lanak egin nahi dituzten herritarrek gehienez 3.000 euro jaso ahalko dute. Bestetik, zaharberritze lanen kasuan, errentaren arabera aurrekontuaren %16 eta %50 arteko laguntzak emango dituzte. Bi kasuetan, etxeak gutxienez 12 urte izan behar ditu.
Etxeko berritze lanetan, orotariko errentak dituzten herritarrek jaso ahal izango dute laguntza, eta horrekin obraren aurrekontuaren %20 beteko da. Hala ere, gehienez 3.000 euro jasoko dira. Hori da muga.
Eskaerak aurrera egiteko, obrak aitortutako aurrekontuarekin bat egiten duela dioen ziurtagiria sinatu beharko da eta obraren fakturak aurkeztu. Onartutako espedienteak egiaztatzeko, inspektore talde batek etxean sartzeko eskubidea izango du. Ezohiko laguntza horiek jasotzeko, guztira 8.000 espediente onartzea espero du Gobernuak.
Zaharberritze lanetan errentaren araberakoak izango dira laguntzak. Adibidez, urtean 18.453 euro arteko diru sarrerak dituzten sendiek aurrekontuaren %25 jasoko dute 12 eta 50 urte arteko etxe bat zaharberritzeagatik eta %30ekoa etxeak 50 urte baino gehiago baditu. Gainera, lanek oztopo arkitektonikoak kentzeko neurriak hartzen badituzte %40 emango da, eta %50, berriz, lehentasunezko zaharberritzeko guneen proiektuen barruan badaude.
Urtean 40.597 euro arteko sarrerak eta 55.359 euro artekoak dituzten sendiek %16 eta %25 arteko laguntzak jasoko dituzte etxea zaharberritzeagatik. Zaharberritze lanak eraginkortasun energetikoko irizpideen arabera egiten badira, laguntzei beste %5 erantsiko zaie.
Bizilagun elkarte batek eraikinaren isolatze termikoa hobetzeko zaharberritze lanak egiten baditu, aurrekontuaren %40 beteko du Gobernuak, baina gehienez ere sendi bakoitzeko 5.000 euroko laguntza emango da. Etxebizitza orokorretan domotika instalazioak jartzen dituzten etxegileei, berriz, etxe bakoitzeko %40 emango zaie (gehienez ere 1.500 euro).
Informazioa eta tramitazioa
Etxebizitza aurrezki kontu bat edukitzeko epea hamar urtera zabaltzen da, eta 2000ko urtarriletik kontu bat irekita dutenei eragingo die. Gainera, babes ofizialeko edo prezio mugatuko etxe bat erosteagatik egungo zerga kenkaria %5 handituko da.
Informazioa 848427580 telefonoan lor daiteke, edo www.plananticrisis.navarra.es webgunean. Tramitazioa egiteko, Iruñeko bulegoa Eslava 1 kalean dago; Lakuntzan, Gazteizbide kalean; Donezteben, Juansenean; Burlatan, Joaquin Azkarate 6an; Lizarran, Fray Diego 3an; Agoitzen, Trinkete 13an; Zangozan, Kale Nagusia3an; Tafallan, Aita Calatayud 1ean, eta Tuteran, Plaza Berrian.
Nafarroan, etxea berritzeko, 3.000 euro bitarte jaso ahal izango dira
Etxeak 12 urte izan behar ditu gutxienez, eta 2011ko abenduaren 31 arteko berritze lanei eragingo die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu