Greba egunean Espainiako Poliziaren eta Foruzaingoaren bortizkeria jasan zutenenetako batzuek atzo prentsaurrekoan iragarri zuten auzitara jotzeko asmoa dutela. Talde horretan daude Expe Iriarte LABeko Administrazioko Publikoko ordezkaria eta Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua. Haien izenean,Estitxu Urtaranek eta Ivan Perezek dei egin zieten joak izan direnei eta gertaerak gertutik ikusi dituztenei eurekin harremanetan jartzera, informazioa bildu ondoren salaketa jarri ahal izateko. Istiluetan atxilotuak hasi dira epailearen aurrean deklaratzen, Horietako bat espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, 3.000 euroren fidantza batekin.
Nafarroan hogei bat zaurituren berri dute, baina azken balantzea itxi gabe dago. Nafarroako zauriturik larriena Atarrabian Espainiako Poliziak jaurtitako pilotakada bat begian jaso zuen gizonezko bat da. «Dakigunaren arabera, pilotak jo zuenbegiko ikusmena arriskuan du. Beste lesio batzuk ote dituen aztertzen ari dira», azaldu zuen Ivan Perezek. Gomazko piloten erabilera ere salatu zuten. «Oso arma arriskutsuak dira; beste batzuetan heriotza eragin dute. Greba egunean, poliziek eta foruzainek erabili egin zituzten, eta oso modu zuzenean gertutik jaurti zituzten».
Javier Morras Barne kontseilariaren eta Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariaren dimisioa exijitu zuten. Era berean, Nafarroako Parlamentuari eskatu zioten neurriak hartzeko «erantzukizunak argitu daitezen». Azkenik, urriaren 12ko eguerdirako manifestazio batera deitu zuten Iruñean, Barcina-Alba-Morras dimisioa, utzi bakean langileria, gastu poliziala eskolentzat eta ospitaleentzat lelopean.
Gasteizen eta Bilbon ere izan zen oldarraldirik. Bi lagun erietxera eraman zituzten, horietako batek, lekukoen arabera, begian pilotakada bat jasota.
Barcinaren balorazioa
Greba egunaren inguruko interpretazioa egiterakoan, foruzain eta polizien jazarpena ahaztu eta gertatutakoaren erantzukizuna sindikatu deitzaileen gain jarri zuen Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak. Haren ustez, ELA eta LABek deitutako grebek langile gutxi erakartzen dituzte eta, aldiz, muturreko jende ugari. «Kale indarkeriaren bidez, mehatxu egiten dute, askatasuna, ondarea eta pertsonak errespetatu gabe». Era berean, asteazkeneko manifestazioak «kontzentrazio politikoak» izan zirela iritzi dio.
Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariak, berriz,poliziek egindako «lan handia» goraipatu zuen. «Modu askean lan egin nahi zuten herritarren benetako babesleak izan dira». Haren ustez, «neurrian» erantzun zuten poliziek. Lau polizia eta sei foruzain zaurituta daudela jakinarazi du.
Igor Arroyo LABeko Nafarroako idazkariak Barcinari erantzun zion herenegun Madrilen ez zeudela ez ELA, ez LAB. «Madrilen, Espainiako Poliziak kolpeak ezker-eskuin banatu zituen. Han, Nafarroan bezala, Polizia PPren agintepean dago. Hor dago arazoa». Arroyok galdetu zion Barcinari zergatik piztu zuten foruzainek manifestazioko oldarraldia. Haren esanetan, poliziek hasitako oldarraldi baten ostean egoera baretu ordez, foruzainak manifestariei oldartu zitzaizkien behin eta berriz. «Espainiako poliziaburu batek aitortu zuen foruzainei egoera kontrolpetik atera zitzaiela». Gainera, aurreko grebetan gutxieneko zerbitzuen aurka sindikatuek jarritako helegiteei arrazoia eman die Nafarroako Administrazioarekiko Auzitegiak, eta hala ere, greba epaiak ez betetzea eta «prebarikazioan erortzea» aurpegiratu dio Barcinari.
ELAren arabera, polizien jarduera «neurrigabea eta arduragabea» izan zen greba egunean.
Kaltetuekin harremanetan jartzeko, idatzi helbide honetara:
[email protected]
Nafarroan polizien kolpeak hartuek auzitara jotzeko asmoa dute
Poliziaren bortizkeria eta mehatxuak jaso dituen orori dei egin diote harremanetan jartzeko, ahalik eta datu gehien izatekoCarmen Alba eta Javier Morras Nafarroako Barne kontseilariaren dimisioa exijitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu