Nafarroaren defizita 2010. urtearen amaieran %3,5era igo dela azaldu du Salgadok

EAEren %2,24ko defizitarekin pozik azaldu da Jaurlaritza, 2006an adinako diru sarrerekin lortu duelako

Iker Aranburu.
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariak lehen aldiz krisia hasi zenetik aurrekontuetan superabita izan zutela aldarrikatu eta aste gutxira, Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak errieta egin dio Iruñeko gobernuari, kontu publikoetan desoreka «nabarmena» izateagatik. Salgadoren datuen arabera, 2010. urtearen amaieran Nafarroak bere BPG barne produktu gordinaren %3,5eko defizita zuen, 635 milioiren bueltan. Eusko Jaurlaritzak eta haren menpeko erakundeek, berriz, %2,24koa, 1.460 milioi, gutxi gorabehera. Madrilek %2,4ko muga ezarri zien erkidegoei.

Nafarroako datua harrigarria da, duela bi hilabete eskas Salgadok aurreratu zuelako 2010eko lehen bederatzi hilabeteotan %0,29ko defizita baizik ez zuela izan. Nafarroako Gobernuak garrantzia kendu nahi izan dio zenbakiari. Haren esanetan, kontabilitate desberdinaren ondorio da desbideraketa, eta ez du esan nahi aurten Iruñeko gobernuak aurreikusi duen 290 milioi euroko zorra handitu beharko duenik. Horietatik 45 milioi abiadura handiko trenari dagozkio.

Hiru arrazoi eman ditu Nafarroak bere defizitaren datua azaltzeko: 111,4 milioi (BPGaren %0,61) aurrekontuen azken itxieran lortutako aurrezkiari dagozkio; 149,8 milioi (%0,82) Nafarroa itzalpeko ordainsariaren ereduaren bidez eraikitzen ari den azpiegiturei dagozkie; eta 116,9 milioi (%0,63), 6.170 enpresa eta pertsonari atzeratu zaizkien zerga ordainketei.

«Gizartearen sakrifizioa»

Salgadoren datuak ontzat jo ditu Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, eta «pozik» dagoela esan du, Madrilek ezarritako helburua bete dutelako, «2006ko diru sarreretara heldu gabe ere». Agirrek «euskal gizarte osoaren ahaleginari eta sakrifizioari» egotzi dio defizita murriztu izana, eta bere burua ere txalotu du, «Jaurlaritzak erakutsi duelako gai dela gastua diru sarrera txikietara egokitzeko».

Salgado ere gustura azaldu da, administrazio guztien defizita %11,13tik %9,24ra jaitsi delako urtebetean: %4,97 izan du estatuak, %3,39 erkidegoek, %0,64 udalek eta %0,24 Gizarte Segurantzak. Hala ere, erkidegoen aldetik datuak ez dira izan Madrilek eskatutakoak: %2,4ko muga zortzik errespetatu dute, lau (Nafarroa barne) «nabarmen» desbideratu dira, eta beste lauk neurriak hartu beharko dituzte.

Aurten defizita %6ra jaitsiko duela agindu dio Madrilek Bruselari. %4,4ra jaitsiko da 2012an eta %3ra 2013an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.