Amiantoaren ondorioz sortutako gaixotasun baten eraginez hil zen merkataritza ontzi bateko mekanikari bat, epaitegiak argitu duenez, eta haren oinordekoei 81.000 euro ordaintzera zigortu du Naftomar enpresa. Mekanikariak nazioarteko hainbat enpresa eta ontzi ustiatzailetan egin zuen lan, baina egiaztatuta geratu da joan den mendeko 1960ko hamarkadatik aurrera eraikitako ontzi guztietan amianto kantitate handia zegoela. «Mekanikari gisa, lan mekanikoak, eskuzkoak, soldadura elektrikokoak eta autogenokoak egiten zituen, eta amiantoarekin berotutako hodietan mantentze lanak egiten zituen», dio ebazpenak; «Konponketak egiteko, amiantoa estaltzen zuen geruza metalikoa kentzen zuten, eta, ondoren, isolatzaile geruza hori (amiantoa) hondatu egiten zen. Amianto zati horiek berriro erabiltzen zituzten hodien gainean jartzeko, eta, horretarako, urez bustitzen zituzten».
LAB sindikatuak gustura hartu du epaia. «Batetik, langilearen gaixotasuna eta heriotza amiantoa prebentzio neurririk gabe erabiltzeagatik gertatu direla aitortu duelako. Bestetik, itsas merkataritzaren esparruan epai aitzindari bat lortzeagatik. Izan ere, gutxi dira itsas merkataritzan aitortutako lanbide gaixotasunagatiko kalte ordaina ezartzen duten epaiak, amiantoaren erabilera frogatzeko zailtasunengatik»; kasua duela urte askotakoa denean edo honezkero desagertuta dauden itsasontzietan gertatutakoa bada, are zailagoa da aldeko epaiak lortzea.