Fagor Etxetresnak

Nanterreko auzitegiak bihar erabakiko du FagorBrandti buruz

Cevitalek eta administratzaileak eskatu diote azken ebazpena apirilaren 10era arte atzeratzeko, Donostiako auzitegiari denbora emateko marken salmenta konpon dezan

Iker Aranburu.
2014ko martxoaren 27a
07:40
Entzun

Nanterreko auzitegiak bihar 14:00etan jakinaraziko du zein erabaki hartu duen FagorBrandten inguruan.Ezuste handirik ez badago, Fagor Etxetresnen Frantziako adarraren konkurtsoa daraman epaileak erabakiko du beste bi astez luzatzea Cevitalen eskaintzari erantzuteko epea.

Hala baldin bada, laugarren aldia izango da ebazpena atzeratu egin dutela, eta guztietan arrazoi berdinarengatik izan da: Pedro Malagon Donostiako epaileak artean ez duela erabaki Fagor Etxetresnek Frantzian baliatzen dituen markak (Brandt, Vedette, Sauter, De Dietrich...) Cevitali salduko dizkion ala ez. Aljeriako multinazionalak 25 milioi eskaini  zituen marka horien truke, baina Malagonek 35 milioi eskatu dizkio. Azken eskaera horri helegitea jarri zion asteartean Cevitalek.

Berria-k jakin duenez, Espainiako eta Frantziako gobernuen interes gurutzatuek zeresana dute atzerapen horretan: markak Cevitali saltzea nahi du Parisek, Fagorri Cofides sozietate publikoaren bidez utzitako dirua berreskuratzen duela ziurtatzea, berriz, Madrilek. Marken prezioa igota, Espainiako Estatuko abokatuaren eskaera bati erantzun zion Malagonek.


1.200 lanpostu jokoan

Nanterreko auzitegian gaur  egindako bistan, Cevitalek berak eta Hélène Bourbouloux  administratzaile judizialak eskatu dute erabakia apirilaren 10era arte gibeleratzea. Sindikatuen ordezkariek berri agentziei emandako informazioaren arabera, biek espero dute apirilaren 7an hasten den astean hartuko duela Malagonek bere erabakia, eta baiezkoa bada, desblokeatu egingo duela Cevitalen eskaintza Frantziako lantokiekiko.

Aljeriako multinazionalak Orleansko eta Vendomeko lantegiak, zerbitzu teknikoa eta egoitza zentrala bereganatu nahi ditu, etxetresnen ekoizpenean sendo hasteko. Euskal Herriko bi planta (Eskoriatzakoa eta Garagartzakoa) erosteko interesa ere adierazi du Cevitalek. Guztira, kooperatibak Frantzian zituen 1.800 langileetatik 1.200ek izango lukete lekua proiektu horretan.

Langileek kezka handiarekin ikusi dute atzerapena, hornitzaileei ordaintzeko dirurik gabe, lantegiak geratuta daudelako, eta beren soldatak ordaintzeko dirua agortzen ari delako. Gainera, igarotzen den egun bakoitzak markak hondatzen ditu, eta etorkizuna zaildu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.