LAN GATAZKA

Nanuk garraio enpresak hartzekodunen konkurtso aurrekora jo duela salatu dute beharginek

Akordiorik gabe bukatu da Elorrioko konpainiako lan baldintzak aldatzeko epea. Zuzendaritzak %15 eta %20ko soldata jaitsierak ezarri nahi ditu, baina langileek diote ezin dutela sakrifizio gehiago egin. Kudeaketa "eskasaren" erantzukizuna bere gain har dezala eskatu diote zuzendaritzari.

Elorrioko Nanuk garraio enpresako langileek greba mugagabea egin zuten 2013ko irailean, kaleratzeak salatzeko. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko otsailaren 16a
08:29
Entzun

Ezerezean geratu dira Elorrioko Nanuk garraio enpresako zuzendaritzak eta langileek asteotan izan dituzten negoziazio luzeak. Akordiorik gabe agortu zen joan den otsailaren 4an lan baldintzak aldatzeko epea, eta konpainiak hartzekodunen konkurtso aurrekora joko du. Langileek salatu dute enpresako buruzagiek %20ra arte apaldu nahi dizkietela soldatak, eta lehendik adostua zeukaten zorra ere ez dutela oraindik kitatu.

CCOO, ELA eta LAB sindikatuak batzen dituen langile batzordeak gogor kritikatu du zuzendaritzak jarrera: "Konponbiderako aukera bakarra langileen sakrifizio eta murrizketetan oinarritu dute". Langileak dira enpresa hartzekodun nagusiak. Enpresa batzordearen arabera, baina, dagoeneko ezer gutxi dute egiteko: "Ezin digute berriro eskatu kudeaketa txarraren erantzukizuna gure gain hartzeko, egoeraren benetako errudunak eskuak garbituz jarraitzen duten bitartean".

Akordiorako "borondate falta"

Langileek jakinarazi dute hainbat proposamen egin dituztela negoziazioen korapiloa askatzeko. Besteak beste, enpresaren antolaketan batzordearen parte hartzea bermatzea, enplegurik ez suntsitzea, bazkideei ere soldatak jaistea, pentsioen kutxara egiten dituzten ekarpenak etetea eta enpresak egungo egoeraren erantzukizuna onartzea galdegin dute. Enpresak, ordea, bizkar eman die horiei guztiei, eta beharginek akordiorako "borondate eta konpromiso falta" leporatu diote zuzendaritzari.

"Arduratuta" agertu dira, hortaz, enpresak proposamen bakar bati ere ez diolako oniritzia eman. Galerak argudiatuta, kaleratzeak hitzartzea proposatu die. Langileak, berriz, Nanuk aurrera ateratzeko erronkari eusteko prest daude, betiere lanpostuak mantentzen badira. Ez datoz bat enpresak eman dituen argudioekin, azken urteotan jabeek beste bi enpresa erosi baitituzte.

Langileak esperoan daude orain, ez baitakite zehazki noiz ezarriko dizkieten soldata jaitsierak eta murrizketak. Neurriok garraio sektorearen "egoera prekarioa" are gehiago larriagotuko dutela ohartarazi dute, eta ez dituztela besoak gurutzatuko: 2013ko irailean greba mugagabea egin zuten langileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.