Naturgas Energiak 130,8 milioi euro irabazi ditu 2008an, %30,5 gehiago

Azpiegituretan eta enpresa berriak erosteko, 92 milioi euro inbertituko ditu, iaz baino %4 gehiago

Mikel Carramiñana.
2009ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Energia ezinbesteko lehengaia dela berresten dute krisialdiek. Izan ere, ekonomiaren unerik txarrenetan ere energia konpainiak irabaziak biderkatzeko gai dira. Naturgas Energiak 130,8 milioi euroren irabaziak izan ditu 2008. urtean, 2007an baino %30,5gehiago. Emaitza horretatik, %70 inguru Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskuratu dutela jakinarazi zuen enpresako presidente Manuel Menendezek.

Naturgasen ordezkariak agerraldia egin zuen atzo, Bilbon, iazko emaitzen berri emateko. Energia taldeko buruzagiak esan zuenez, «oso garrantzitsua da irabaziei eustea orain, egonkortasunik ez dagoelarik». Garraio eta banaketaren negozioetan «nabarmen» hazi direlako lortu ditu enpresak horrelako mozkinak, Menendezen arabera.

Horren harira, enpresaren iazko inbertsioa azpimarratu zuen. 88,2 milioi euro inbertitu zituen Naturgasek iaz, 2007an baino %70 gehiago. Azken hiru urteetako inbertsioa, bestetik, 284,2 milioi eurokoa izan da. Aurten, gainera, banaketa zein garraio sareak zabaltzeko eta beste enpresa batzuk erosteko, beste 92 milioi euro erabiliko dituztela iragarri zuten.

EAEko gas hornitzaile nagusia da Naturgas, eta bigarrena elektrizitatearen merkatuan, Iberdrolaren ondoren. Nafarroan ere eskaintzen ditu bere zerbitzuak. Iaz, alabaina, beste lurraldeetara jo zuten bezero berrien bila. Industrietan aurkitu zituzten, «kopuru handi» batean, azaldu zutenez.

Iazko mozkinak, bestetik, enpresak saldu zituen higiezinei esker eskuratu zituen. Eraikin bat saldu zuen Donostian eta bulego bat Bilbon. Bizkaiko hiriburuan, bestalde, konpainiaren egoitza izango den eraikina erosi zuen.

Bezero eta energia gehiago

Irabazietan ez ezik, bezero kopuruan ere egin du gora Naturgasek. Urtebetean gas zerbitzuko 213.000 bezero irabazi zituen eta, dagoeneko, 628.294 ditu. Elektrizitatean, aldiz, igoera txikia lortu zuen, eta 41.486 bezero ditu. Banatutako energiari dagokionez, enpresak 20.237 GWh banatu zuen, 2007. urtean baino %2 gehiago. Saldutako energian, berriz, %36 egin zuen gora, 24.750 GWh gas eta 2.020 GWh elektrizitate merkaturatu zituen 2008an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.