Aurrerantzean, dena hartzekodunen konkurtsoko administratzailearen esku egongo da. "Sentsazio txarra" daukate langile batzordeko ordezkariek, baina espero zuten gaurko erabakia. Sestaoko ontziolako akziodunen batzarrak erabaki du urriaren 7ra arte ez itxarotea, eta gaur bertan hastea tramiteak konpainia hartzekodunen konkurtsoan sartzeko. Hori saihesteko aukera bakarra zen Manuel del Dago enpresariak bere agindua betetzea, baina ez du bete: ontziolaren kapitala handitzeko 42 milioi euro jartzeko prest agertu zen Del Dago uda hasieratik, baina akziodunek ez dute haren berri. Beraz, inbertitzailerik ezean, ontziolak konkurtsorako bidea hartu du.
Likidazioa edo konkurtsoa, bi aukera horiek zeudela azaldu dute langile batzordeko iturriek. Eta, behintzat, azpimarratu dute akziodunek ez dutela hautatu aukera txarretan txarrena: zuzenean likidaziora jotzea. Orain epaile batek hautatuko du prozesua gidatuko duen administratzaile konkurtsala, eta interesa daukaten enpresek eta inbertitzaileek eskaintzak egin ahal izango dituzte Naval erosteko. Del Dagok berak ere aukera izan dezake konkurtsoan Navalez jabetzeko. "Baina oso zail izango du", langileen ordezkarien aburuz. Izan ere, konkurtsoan konpainiaren aktiboak eta pasiboak —zorra— bereizten dira, eta erosleak zorrik gabe jasotzen du konpainia; eta, beraz, prezio merkeagoan. Langile batzordeak uste du orain multinazional eta inbertitzaile gehiagok agertuko dutela interesa ontziola merke eskuratzeko, eta Del Dagok lehia handia izan dezake.
Langile batzordeak eta Navaleko akziodunek irailaren 7an egingo dute bilera egoera aztertzeko. Langile batzordeak aurreratu du lau aldeko negoziazio mahai bat osatzeko eskatuko duela: langileen ordezkariak, akziodunak, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Langile batzordea EAJrekin eta PSErekin bilduko da datorren astelehenean, eta gainontzeko alderdi politikoekin ere egingo ditu bilerak, "ahal bezain laster".
Gaur 10:00etatik ia 13:00etara arte egon dira batzarrean akziodunak, ontziolaren finantza egoera aztertzeko, ataka estua dela eta. Uda hasieraz geroztik likidaziorako bidea hartu du ontziolak, akziodun nagusiek ez dutelako asmorik diru gehiago jartzeko –Ingeteam eta Astilleros Murueta dira akziodun nagusiak, bakoitzak kapitalaren %33,8 baitu–. Manuel Del Dago enpresaria zen 42 milioi euro jartzekoa —150 milioi eurokoa da konpainiaren zorra—, baina hark dirua jartzeko bere buruari jarritako hiru asteko epea amaitu da jada, eta akziodunek ez daukate haren berri.
Eusko Jaurlaritza ere esperoan zegoen gaur goizean, akziodunen batzarrean gaur zer gertatuko. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak goizean adierazi du gobernuak gaurko batzarraren ostean aztertuko duela "nola lan egin" Navalen auzian. Jaurlaritzak "lehen eskutik" ezagutzen du ontziolan gertatzen ari dena, eta haren helburua da "gertatzen ari dena ikustea".
Diagnostikoa prestatu
Tapiak azaldu du ikusi beharko dela "ea aukerarik badagoen Del Dagorekin, eta zer baldintzatan". Edonola ere, sailburuak nabarmendu du zein den une honetan egin beharreko galdera: "Nola iritsi da egoera honetara?". Paradoxatzat jo du lan karga daukan enpresa bat likidaziorako bidean egotea, zor handia daukalako. Bere galdera erantzun ez badu ere, Tapiak azpimarratu du horrelako egoeretan arrazoia ez dela faktore bakar bat izaten.
Gogora ekarri du ontziolak tax lease auzia nozitu zuela joan den legealdian —gainontzeko ontziolek bezala—, eta eskaerarik gabe egon zela, nasak huts-hutsik. "Euskadiko ontziola pribatu guztiak joan ziren kontratuak lortuz, baina Navalek ez zeukan eskaririk", azaldu du. Halere, gaineratu du Sestaoko ontziolak gainditu zuela egoera hori, eta gaur egun badauzkala kontratuak; baina, "haatik, egoera oso konplikatua da".
"Horrek esan nahi du", Tapiaren aburuz, "tax lease-az gain, eta kontratu beharraz gain, kontuan hartzeko faktore gehiago daudela. Horiek zehaztu beharko dira, eta aztertu". Urriaren 7a baino lehen inbertitzailerik agertzen ez bada, eta ontziola prozesu konkurtsalean sartzen bada, "egoeraren eta hura eragin duten faktoreen gaineko diagnostiko zehatza" prest egon behar dela ohartarazi du sailburuak, likidazioa saihesteko.