Naval ontziolako enpresa batzordeak hemezortzi orduko itxialdi bat egingo du bihar eta etzi (astearteko 20:00etatik asteazkeneko 14:00ak arte). Sektorearen egoera sala dezaten, ontziolako langile guztiei dei egin die hurrengo egunetako itxialdian bat egin dezaten. Protestaren bukaerak bat egingo du asteazkenean Europako Batzordeak Bruselan hartuko duen erabakiarekin; tax lease sistemaren bitartez ontziolek jaso dituzten laguntzak itzuli beharko dituzten eta, hala bada, zeinek itzuli beharko dituen.
Erabakiaren aurreko bilerek sektorearen etorkizuna belztu dute. Uztailaren 11n, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa, beste ordezkari batzuen artean, Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehia komisarioarekin bildu ziren. Tax lease sistemaren bitartez ontziolek ogasunei ordaindu ez zizkieten 2.000 milioi euro ordaindu behar ez izatea esakatu zioten Almuniari. Hala ere, Lehia komisarioak dirua halabeharrez itzuli behar dela esan zuen, eta horren zama inbertsiogileengan utzi zuen.
Andoni Ortuzat EAJko presidenteak ontziolek jasotako diruaren itzulketarik egon ez dadin bere alderdia lanean ari dela esan du. Europako Batzordeak laguntzak bueltatzea eskatuko balu, enpleguak mantentzea beharrezkoa dela azpimarratu du; alde batetik ontziolen sektorea estrategikoa delako gurean, eta bestetik, altzairuarekin eta metalarekin lotura zuzena duelako.
Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin telefonoz hitz egin du gaur. Asteazkenan hartu beharko duen erabakia "bidezkoa eta egokia" izan dadin eskatu dio Rajoyk. "Europako Batasunak eta bere menpeko erakundeek ontziolen sektore estrategikoa defendatzeko beharra dute" esan du Rajoyk gaurko prentsaurrekoan.