Ekonomia

Navalek langileei jakinarazi die epe laburrean kontratu bat lortzeko aukera duela

Aurrez ere halakoak maiz entzun dituztela eta, "sinesteko ikusi" egin behar dutela adierazi dute ordezkari sindikalek.

Miren Garate.
2014ko otsailaren 13a
13:02
Entzun

"Jendearen animoa alda dezakeen gauza bakarra kontratu erreal bat da", adierazi dute Navaleko langileen ordezkariek zuzendaritzarekin bildu ostean. Javier Ojeda enpresako presidentea bera elkartu da gaur goizean ordezkari sindikalekin, eta esan die epe laburrean kontratu bat lortzeko aukera badagoela. "Aurrez ere maiz esan digute gertu zegoela ontzi bat egiteko kontratua, baina gero ez zen gauzatu. Sinesteko ikusi egin behar dugu".

Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia Garapenerako diputatuak ere eman zuen aukera horren berri atzo. Ontziola lan karga eskuratzeko negoziazioetan ari dela esan zuen, eta horietakoren bat hil honetan bertan edo martxoan itxi daitekeela zehaztu zuen. Balizko kontratatzaileari buruzko xehetasunik ez du eman zuzendaritzak, konfidentzialtasun kontuak tarteko. Kontratu berririk ezean, martxoan geratuko dira lan kargarik gabe.

Gaurko bileraren ostean, langileek bertan behera utzi dute datorren asteartean egitekoa zuten itxialdia, "erantzukizunagatik". Dena den, gainerako mobilizazioei eutsi egin diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.