Bilera eskaera batekin joan dira gaur goizean Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolako langileak Murueta ontziolaren egoitza nagusira. Ontziolako akziodun nagusia da Murueta, eta ekintza horrekin Navalerako lan karga eskatu gura izan dute beharginek. Baina inork ez ditu hartu. Lau galdera egin nahi zizkioten Muruetako zuzendaritzari, eta bilerarik eduki ez dutenez, idatziz utzi dizkiete. Izan ere, Navalek martxoan amaituko du eraikitzen ari diren azken ontzia, eta horren ondoren ez daukate lan gehiagorik. Lantegia arriskuan egon daitekeela diote sindikatu eta langileek.
Txanponaren beste aldean dago Murueta, hainbat ontzi egiteko eskaera baitaukate. Une honetan lau atunontzi eraikitzen ari dira, eta aurki helduko diote beste bi ontziren lanari. Eta hor dator Navaleko langileen galdera nagusietako bat. Zergatik Muruetak bai, eta Navalek ez? “Gure azpiegitura ontzi handietarako da, bai, baina besterik ezean bestelako ontziak egiteko gai gara baita ere”, Txema Belon UGTk Navalen duen ordezkari sindikalaren arabera. Are gehiago, une honetan Muruetan egiten ari diren atuontzientzako lan batzuk egiten ari direla gogorarazi du. Horregatik, Sestaoko lantegiaren biziraupenerako zer egiteko prest dauden argitu dezatela eskatu diote. Bestelako kezka baitauka Belonek. “Susmoa daukatu salbatzailearen papera bete nahi dutela. Alegia, lan kargarik lortu ez, eta ondoren erortzera doanean gu babestea”. Eta horretarako ez daude prest.
Zazpi urte dira Naval pribatizatu zutenetik, eta azken lau urteetan lan erregulazio txostenak aurkeztu ditu lantegiak. “Zentzu horretan langileok egoeraren jakitun izanda erantzun diogu, akordioak lortuz”. Eta hori ere jakin gura zuten gaur goizean Muruetako egoitzara joan direnean. Alegia, langileen jarrera nola baloratzen duten.
Baina hori ez da aski izango, eta mobilizazio gehiago ere prestatu dituzte martxora bitartean. Gaur eguerdian PSE-EEko ordezkaritza batekin bildu dira langile batzordeko kideak, eta ostegunean EAJkekin daukate zita. Asteazkenean Zamudioko (Bizkaia) parke teknologikora joango dira, Ingeteamen egoitzaren aurrean mobilizatzera, “eurek ere akzioen zati handi bat” baitaukate Navelen bertan. Eta eurek ere ardura daukatela gogoraraziko diote era horretan. Datorren asteartean, bestetik, lantegian bertan itxialdia egingo dute, eta hilaren 20an Eusko Legebiltzarraren aurrean ere mobilizatuko dira.