Enpresak

Navalen ez dago inbertitzaileen berririk, batzarraren atarian

Sestaoko ontziola likidaziorako bidean dago, oraingo akziodun nagusiek ez dutelako diru gehiago jartzeko asmorik.

Navaleko langileak uztailean egindako mobilizazio batean. ARITZ LOIOLA, ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2017ko abuztuaren 29a
07:44
Entzun

Duela bi aste bete zen Manuel del Dago enpresaburuak bere buruari emandako epea Navalen egin nahi zuen inbertsioa azaltzeko. Del Dagoren berririk ez du ontziolak, enpresako iturriek Efe agentziari aitortu diotenez. Uztailaren amaieran bisitatu zuen Del Dagok ontziola, eta langileen ordezkariekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ere bildu zen. Hiru asteko epea eskatu zuen, inbertsioa nola finantzatu behar zuen lotu nahi zuelako.

Navaleko bazkideek uste dute gutxienez 42 milioi euroko kapital handitze bat behar duela ontziolak aurrera egingo badu. Lana badu —lau ontzi ari dira eraikitzen hango nasetan—, baina 150 milioi euroko zorra pilatu du azken urteotan; besteak beste, kontratuak lortu ahal izateko prezio txikiak eskaini dituelako, eta horietako batzuekin galerak izan dituelako.

Biharko administrazio batzar berezira deitu dute ontziolako akziodunek. Azken orduan Del Dago azaltzen ez bada, hurrengo urratsak zeintzuk izango diren aztertu beharko dute. Oso litekeena da ontziolaren likidazioaren alde egitea, oraingo akziodunak ez daudelako prest diru gehiago jartzeko. Ingeteam eta Astilleros Murueta dira orain akziodun nagusiak, bakoitzak kapitalaren %33,8 baitu.

Likidazioak ez du ezinbestean esan nahi ontziola itxiko denik. Prozesu horretan, alde batera geratzen dira enpresaren pasiboak (zorra) eta aktiboak (enpresaren jabetzak). Hau da, balizko inbertitzaile bat ager daiteke prezio onean ontziola erosteko.

Navalek 215 langileri lana ematen die gaur egun zuzenean, baina, azpikontraten bitartez, beste 1.600 ere aritu izan dira ontziola martxa betean dagoenean. Gaur egun, nahiko geratuta dago ontziak egiteko prozesua, azpikontratutako enpresa askok lan egiteari utzi diotelako, ordaintzen ez zaiela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.