Euskal Herriko Itsas Foroak jakinarazi du ezen Navalen likidazioan eskaintza handienetan bigarrena egin zuen taldeak, Alemaniako A&Mk, proiektu bat duela Sestaoko ontziolan «hiru edo lau ontzi» egiteko urtero. Hego Koreako ontziola batekin akordioa egingo lukete alemaniarrek, 25 urtekoa, Sestaon berriro jarduera industrialean hasteko. 30 milioi euroko inbertsioa egingo lukete eragile horiek –Koreako taldea Europan zabaltzeko kokagune baten bila dabil–, eta lehen urterako, 300 lanpostu zuzen sortuko lituzkete Ezkerraldean. Bost urteko epean, 700 lanpostu lirateke, betiere Itsas Foroaren informazioaren arabera.
Navalen orubearen eta makineriaren jabe berria, ordea, Belgikako VGP taldea izango da, epaileak adjudikazioa berresten duenean, eta VGPk logistika proiektu handi bat dauka esku artean, baina jarduera industrialik ez. Harekin lortu behar dute akordio bat ontziolan ontziak egiten jarraitu nahi dutenek. Izan ere, Navalen 300.000 metro koadroko azaleratik 120.000 metro koadroko orubea beharko luke A&M taldeak ontziola martxan jartzeko. Sestaon, urtero hiru edo lau ontziko lan karga ekar dezake Alemaniako taldeak, Itsas Foroak dioenez, Italiako eta Turkiako ontziola batzuen lan karga Euskal Herrira ekartzeko modua luketelako, besteak beste.
Navalen konkurtsoa eta likidazioa kudeatu dituen epaileak ez du oraindik berretsi eskaintzarik onenaren egileak, Belgikako VGPk, jabe berria izateko eskuabidea duela. Euskal ontziolen patronalaren presidente Javier Lopez de la Callek dio eskaintza apalagoak egin zituzten talde bik helegiteak jarri dituztela, eta biek dituztela ontzigintzarekin jarraitzeko proiektuak. Itsas Foroko presidenteak badaki ez dela erraza izango VGPrekin akordio bat egin eta industriari bide emango liokeen proiektu bat aurrera ateratzea, «baina borrokatu egin behar da horren alde».
Korearra, «lehen mailakoa»
De la Callek jakinarazi du Hego Koreako «lehen mailako ontziola bat» litzatekeela A&Mk izango lukeen bazkidea Naval berpizteko. «Aukera hori benetakoa da; 25 urteko kontratu batez ari gara, 300 lanposturen sorreraz, eta beste proiektuekin batera garatu daiteke, hemen, logistikaren esparrukoak izan edo hidrogenoarenak». Hori dela eta, berriro laguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, «eragile desberdinen arteko elkarrizketak» sustatu ditzan, «Euskadi industriaren erkidego bat delako».
Itsas Foroko burua bat dator Bilboko Merkataritza Ganbera Jose Angel Corresekin esatean «Euskadirentzat luxu bat» dela Naval moduko instalazioak galtzea. «1.500 metroko itsas moila da hau, eta Euskadin ez dago beste lekurik baldintza horiekin; ezin da desagertu». Belgikako VGP taldearen logistika proiektuak, ordea, ez du jasotzen jarduera industrialik azpiegitura horrentzat; «Ez du ez hankarik ez bururik hori guztia txatarra bihurtzeak, ez dagoelako Euskadin horrelakorik egiteko beste lekurik», gaineratu du de la Callek.