Enpresa batzordeak salatu duenez, gauerdian, ontziolako zaindariak ohartu ziren pertsona talde bat Living Stone kaira lotzen duten kableak mozten ari zela. Enpresa batzordeko kideei ohartarazi zieten, eta hamabost minuturen buruan ontziolan ziren Navaleko zuzendaria, lantalde burua, langile batzuk eta ertzainak. Itsasontzian sei lagun zirela ikusi zuten, eta armadorea kaian zegoela. "Kable bakarra moztea falta zitzaien", esan diote langileen ordezkariek Efe agentziari. Ertzaintzaren aginduz, itsasontzian ziren sei lagunak jaitsi egin ziren. Ikerketa zabaldu dute poliziek.
Enpresa batzordeak gaineratu duenez, atzo Belgikako banderako bi atoi-ontzi iritsi ziren Bilboko portura, "itsasontzi bat eramateko asmoarekin".
Urtebete amaitu gabe
Duela urtebete, 2016ko irailaren 18an, Navalek lehen aldiz ureratu zuen Living Stone itsasontzia. Orduz gero, Sestaoko ontziolako ibaiadarreko nasan dago, bukatzeko zain. Hala ere, diru arazoak direla eta, oraindik ezin izan dute amaitu. Sei edo zazpi hilabeteko lana dute.
Atzoko bileran, Navaleko zuzendaritzak proposatu zien langileei Living Stone beste ontziola batera eramatea, lana bukatzeko. Trukean, langileei urtea amaitu bitarteko soldatak ordaintzea eskaini zuen Navalek. Orain arte, langileek uko egin diote irtenbide horri, balizko erosle batentzat interesgarriagoa izan daitekeelakoan artean lana duen ontziola erostea. Navaleko oraingo arduradunak, ordea, beldur dira urriaren 7an hastekoa den ontziolaren hartzekodunen konkurtsoa ez ote duen eragotziko itsasontzia bukatzea eta eskatu duenari ematea. Itsasoaren hondoan kableak jartzeko ontzia da Living Stone, Tideway Herbehereetako armadoreak eskatutakoa.
Itsasontzi bat ontziolatik eraman nahi izateak are gehiago nahasi du Sestaoko ontziolaren egoera. Gaur arratsalderako manifestaziora deitu dute langileek, Ezkerraldeko alkateen babesarekin.