Nazioarteko Diru Funtsa zuhur, ekonomiaren suspertzeaz

Munduko ekonomia aurten %3,2 haziko dela aurreikusten du, eta %4,1 2004an; AEBetan espero duen suspertzea ez da nahikoa izango, NDFren ustez, hazkunde global sendo bat bultzatzeko

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Urtean bitan munduko ekonomiaren bilakaerari buruzko txosten bat egin ohi du Nazioarteko Diru Funtsak, urte horretarako eta hurrengorako hazkunde aurreikuspenak emanez. Dubaien (Arabiar Emirerri Batuak) asteon egingo dute NDF eta Munduko Bankuak bere urteroko Batzar Nagusia eta horren atarian etorri da azken aurreikuspen txostena, apirilean egindako baino itxaropentsuagoa.

«Arrazoi sendoak daude munduko ekonomia egon den zulo sakonetik aterako dela pentsatzean nahikoa baikor izateko», esan zuen txostena aurkeztean Kenneth Rogoff NDFko ekonomista buruak. Hala ere, aldeanitzeko erakundeko ordezkariaren ustez, hazkundea desorekatua izango da, eta gainera badaude bilakaera on bat serioski oztopatu dezaketen faktoreak.

Munduko Aurreikuspen Ekonomikoak txostenak, apirilean bezala, irailean ere %3,2ko hazkunde ekonomikoa aurreikusten du munduan, eta %4,1ekoa hurrengo urterako. «Baina ez da, egiaz, konplazientziarako garaia», esan zuen Rogoffek.

NDFek AEBetako ekonomiaren bilakaerarekin itxaropentsu agertu da, 2003rako %2,9 hazkundea aurreikusiz eta %3,9koa 2004rako. Apirilean egindako aurreikuspenetan 2004rako datua hamarren batzuk txikiagoazen.

Japoniarentzako hazkunde apala (%2 aurten eta %1,4 hurrengo urtean) aurreikusten duen bitartean, Asiako tigreen etorkizuna argiagoa izango dela iragartzen du NDFk, herrialde horientzat, behin pneumonia atipikoaren eragina gaindituta, ekonomia %5,9 haziko baita 2003an eta %6,2 2004an. Txinak, hala ere, gehiago igarriko dio gaixotasunaren ondorioei, eta %8 hazi beharrean %7,5an geldituko da.

Europan suspertzea «telebistatik»

Txanponaren beste aldean, aurreikuspenak ilunak dira Europako herrialdeentzat. «Europarren gehiengoak, suspertze ekonomiko bat ikusi nahi ezkero, telebistatik ikusi beharko dute», esan zuen Kenneth Rogoffek.

Batez ere, Alemaniarentzako 2003rako %0ko hazkunde aurreikuspena aintzat hartuz (%1,5 ahul bat 2004rako) euroaren eremurako %0,5eko hazkunde oso apala iragarri du NDFk urte honetarako, eta %1,9koa 2004rako. Alemaniak finatza sektorea oraindik oso hauskorra dela uste du erakundeak eta prezioen erorketaren arrisku bat ere antzematen du.

Hala ere, Europako Batasunean sartzeko bidean diren Ekialdeko Europako herrietan hazkunde handiagoa aurreikusten du Nazioarteko Diru Funtsak.

Latinoamerikarentzako aurreikuspenak ere murriztu egin ditu erakundeak. Eremuko ekonomia %1,1 haziko da abendura arte eta %3,6 hurrengo urtean. Bertako barne eskariaren ahulezia nabarmen zuen atzo NDFko ekonomista buruak.

Afrikan, berriz, hazkunde ekonomikoa eguraldiaren menpe egongo dela argitu zuen Rogoffek, 2004rako hazkunde esanguratsua aurreikusi arren. Jakina, kontinenteko gatazkak, xede hori lortuko bada, nabarmen murriztu beharko dira NDFren aburuz.

 

ARRISKUA INTERES TASEKIN



 

Etxeen prezio puztua, lehertzear





Mundu guztian arazo larri bihurtu daiteke interes tasen bilakaera. Tasen jaitsierarekin, etxebizitzen prezioak gora eta gora aritu diren herrialdeetan «puzturikoak» eztanda egin dezake, epe luzeko interes tasek gora egiten duten heinean hipoteka tasak ere gora egingo baitute, eta suspertze ekonomikoarekin saihestezina izango da interes tasen igoera. Azken urtean, etxebizitzen prezioa %17-18 goratu da, esaterako, Australian, Erresuma Batuan eta Espainian. Irlandan, 1995etik %245 garestitu dira. The Economist aldizkariak prezioen %20-30 bitarteko murrizketa aurreikusi du datozen lau urteetarako Espainian, Australian eta Erresuma Batuan.

 

KRITIKA BUSHEN GOBERNUARI



 

Dolarra kolpetik erortzeko arriskua





AEBetako Gobernuari kritika ere egin zion atzo Kenneth Rogoffek. Gora eta gora doan hango kontu korronteko defizita BPGren %5era iritsiko da aurten, eta %4ra jaisteko 2008 arte itxaron beharko da, NDFren ustez. «Munduko ekonomia mehatxatzen duen arrisku larria da», ohartarazi zuen erakundeko ekonomista buruak. «Egunen batean eztanda egingo du, eta horrek dolarra bat-batean erortzea ekarriko du. AEBetako inportazioak esportazioak baino 553.300 milioi dolar handiagoak izango dira 2003an, eta 537.300 milioi handiagoak 2004an. Zulo hori estaltzeko atzerriko kapitala behar lukete AEBek, baina iturria laster itxiko dela uste du NDFk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.