Greziaren krisia

Nazioarteko Diru Funtsak onartu du Greziaren zorra "eramanezina" dela

Europak emandako kredituaren epemugak luzatzea eta ordainketak atzeratzea proposatu du funtsak. Ekonomia oso ahul egonez gero, zorpetzetik 53.100 milioi barkatzeko aukera proposatu du, lehen erreskate osoa.

Ezezko botoa eskatzeko afixak, Atenasen. ARMANDO BABANI / EFE
Ivan Santamaria.
2015eko uztailaren 2a
11:09
Entzun

Gaur egungo baldintzetan Greziak pilatuta duen zorpetzea osorik bueltatzea ezinezkoa da. Hori da NDF Nazioarteko Diru Funtseko teknikariek atera duten ondorioa, zorraren jasangarritasunari buruz argitaratu den txosten batean.

Honezkero Greziak pilatuta duen zorraren gainean finantzazio behar berriak gehitu behar dira. Funtsaren arabera, 2018. urtera bitartean gutxienez 50.000 milioi euro gehiago beharko ditu herrialdeak. Horietatik gutxienez 36.000 milioi Europako herrialdeetatik atera beharko lirateke. Baldintza guztiak kontuan hartuta, zorraren dinamika "eramanezina" dela uste dute azterketaren egileek.

Finantzazio hori lortuta ere, zorpetzea "oso handia" izango da "hamarkada batzuetarako". 2020. urtean oraindik BPGren %150 izango litzateke, eta 2022. urtean, %140. 2012. urteko azaroko akordioan zorraren jasangarritasunari buruz ezarritakoaren arabera, zorra BPGren %30 inguru murriztea beharko luke Greziak, jasangarria izateko.

Zorra jasangarri bihurtzeko, erraztasun handiagoak eskaini behar direla uste du NDFk. Esaterako, interesak ordaindu gabeko epea 20 urtera luzatzea, eta amortizazio epea 40 urtera igotzea.

Haatik, hazkundea espero denaren azpitik geratzen bada eta finantza egoera okertzen bada, txostenak dio zorraren parte bat kitatzea beharrezkoa izango dela. Aukera bezala aipatu du lehen erreskatetik itzultzeko falta den dirua, 53.100 milioi euro, barkatzea.

ANT1 telebista kateari eman dion elkarrizketa batean zorra berregituratzeko beharra azpimarratu du Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak. Zorra beregituratu gabe ez dagoela "programa bideragarririk" ziurtatu du Tsiprasek.

NDFk gaur esatea zorraren %30 murriztea eta mailegua itzultzeko epeak atzeratu behar direla galdeketa deialdiarekin lotu du zuzenean lehen ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.