Joan den urtean baino gutxiago haziko da aurten munduko ekonomia. NDF Nazioarteko Diru Funtsak gaur argitaratu dituen azken kalkuluen arabera, barne produktu gordin globala %3,1 handituko da aurten, joan den urtean baino hiru hamarren gutxiago. Apirilean nahiz uztailean egindako aurreikuspena baino eskasagoa da. Behintzat, heldu den urterako egoerak apur bat hobera egin eta %3,6 izatera iritsiko da, NDFren ustez.
“Munduko ekonomia gerra osteko depresio sakon eta zabalenetik atera ondoren, hazkunde indartsu eta sinkronizatu baten grial santua iheskorra da oraindik”, laburbildu du Maurice Obtsfeld NDFko ekonomialaria aholkulari eta ikerketa departamentuko buruak. Aurtengo batzarra egiten ari dira egunotan funtsa eta Munduko Bankua Liman (Peru).
Azken finean, banaketa desorekatua gertatzen ari da. Herrialde aurreratuetan finantza krisia atzean utzi eta egoera hobera egiten ari den bitartean, baina, bitartean, goraldian dauden herrialdeak ahultzen ari dira, eta horiek egin dute tiraka ekonomiatik azken urteetan.
Hiru indarren arteko bidegurutzean dago mundua, funtseko ekonomialarien ustez. Lehena, Txinako ekonomiaren eraldaketa. Bigarrena, eta aurrekoari lotuta, lehengaien prezioen jaitsiera. Hirugarrena, AEBetan aurki espero den interes tasen igoera. Hiru faktore horien garapenak ondorio zuzenak izango ditu susperraldiaren martxan.
Uztailetik hona egoerak okerrera egiteko arriskuak ugaritu direla ohartarazi du NDFren azterketak. Arrisku horiek handiagoak dira goraldian eta garatzeko bidean dauden herrialdeentzat.
Ekonomia aurreratuen hobekuntza, batez ere, euroguneko susperraldia apur bat indartzeari eta Japonia hazkunde positibora itzultzeari zor zaio. Euroguneko ekonomia aurten %1,5 eta heldu den urtean %1,6 haztea espero du NDFk. AEBak dira hazkundeari bultzada handiena ematen diotenak, eta horrek hobekuntza gidatuko du 2016an.
Aurrera begira, zalantza handiagoak ditu funtsak. Produktibitatearen igoera eskasak eta inbertsio faltak hazkunde handiagoa trabatzen ari direla uste du. Aukera duten herrialdeetan -esaterako, Alemania- inbertsioa sustatzea gomendatu du, azpiegurak hobetzeko helburuarekin. Ohi bezala, egiturazko erreformak ere exijitzen ditu NDFk, lan merkatua malgutzeko eta zerbitzu sektorea liberalizatzeko, batez ere.
Lehengaien prezioen jaitsiera
Azken aldiko gertaera garrantzitsuen artean lehengaien merkatzea dago, batez ere energiari eta metalei lotutakoa. Herrialde aurreratu batzuetan hasi da ondorio zuzenak izaten. Kanadan, beste inon baino gehiago, baina baita Norvegian edo Austrailian. Hala ere, erronkarik handiena gorabidean edo garatzeko bidean dauden herrialdeek dituzte, lehengai esportatzaileak direnak.
Ekonomia horien hazkunde orokorra %4 izango da, aurreko urtekoa baino sei hamarren txikiagoa da. “Krisi globalaren irteeran ikusi genuen tasa baino askoz txikiagoa da”, azpimarratu du Obstfeldek. Bosgarren urtez behera egingo luke herrialde horiek hazkundeari egindako ekarpenak, eta kontuan hartu behar da honezkero munduko barne produktu gordinaren erdia baino gehiago ordezkatzen dutela.
Txinari dagokionez, udako zurrunbiloak zurrunbilo, aurreikuspenei eutsi die funtsak. Asiako erraldoia %6,8 haziko da aurten, eta %6,3 heldu den urtean. 2014. urtean baino puntu bat gutxiago litzateke, edonola ere. Arazorik handienak Brasilen ikusten ditu NDFk. Ekonomiak bi urterako atzeraldia izango du, eta aurten %3 eroriko da.
Datorren urtea gorabidean eta garatzeko bidean dauden herrialdeen hazkundea handitu, eta %4,5 izatera iritsiko dela kalkulatu dute. Ezer baino gehiago, uneotan atzeraldi handiak dituzten herrialdeen -Brasil eta Errusia, batik bat- baldintzak leuntzearen ondorio izango da igoera.