World Economic Forum batzarraren hasiera baliatuta, NDF Nazioarteko Diru Funtsak bere aurreikuspen makroekonomikoak eguneratu ditu gaur. Joan den urriarekin alderatuz, funtsak uste du egoerak hobera egin duela, bereziki herrialde garatuetan. Merkataritzak ere produkzioaren hazkundea gainditu duela nabarmendu du.
Hobekuntza handiena AEBei iragarri die, Trumpen zerga erreformaren eskutik, baina eurogunean ere hazkunde indartsuagoa espero du, bereziki Alemanian. 2018an, AEBetako ekonomia %2,3 haziko da, eta eurogunekoa, %2,2. Garatzeko bidean dauden herrialdeei dagokienez, Brasilentzat da aldaketarik esanguratsuena: %1,9, urrian baino lau hamarren gehiago.
Giro baikorrari ñabardura egin nahi izan dio NDFk, hala ere. Maurice Obstfeld kontseilari ekonomikoaren ustez, konplazentzia da gaur egun dagoen arrisku handiena. “Hurrengo atzeraldia uste baino hurbilago egon liteke, eta horri aurre egiteko munizioa orain dela hamarkada bat baino eskasagoa da, zorpetze publikoak askoz handiagoak direlako”, haren hitzetan. Neurri politikoen bidez susperraldia indartzeko aukera badago. Hots, erreformak egin nahi badira, orain da momentua.
Halaber, ohartarazi du egungo susperraldia ez dela ekonomiaren egoera normala. Epe ertainera begira, hazkundea trabatuko duten faktoreak areagotzea espero du. Ekonomia aurreratuen kasuan, joera krisiaren aurretik baino gutxiago haztea da, eta bi ekonomia nagusietan, Txinan eta AEBetan, hazkundeak behera egingo duela uste du, aurrera begira.
Espainiari, beherakada
Behera egin duen iragarpen gutxienetarikoa Espainiako ekonomiarena da. Aurtengo aurreikuspena hamarren bat murriztu dio (%2,4), “ziurgabetasun politikoak” konfiantzan eta eskaeran izan dezakeen eraginaren ondorioz. Maila globalean ere hautesleen haserrea arrisku faktore gisa aipatzen du NDFren berrikusketak, baina ziurtatu du gobernu eredu nazionalista edo autoritarioetara jotzeak kalte egingo liokeela luzera begirako hazkundeari.