Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) ere konturatu da: Greziari ezarritako murrizketak ezin dira etengabeak izan, eta murrizketekin bakarrik ez da egoera hobetuko. «Greziarren jasateko gaitasunak eta babes politikoak mugak dituzte», esan dio Paul Thomsenek Ekathimerini egunkariari. Thomsen NDFren ordezkaria da Grezian, hango gobernuarekin izaten dituzten negoziazioen arduradunetako bat.
Horregatik, murrizketen erritmoa moteltzea eta Greziako ekonomiaren egoera hobetzeko erreformak azkartzea proposatu du NDFren ordezkariak. Murrizketen eta erreformen arteko «oreka» lortu behar dela uste du.
Thomsenek, hala ere, ez ditu baztertu NDFren, Europako Batzordearen eta Europako Banku Zentralaren ohiko errezeta «mingarriak», defizit publikoa murrizteko eta herrialdea lehiakorragoa izateko. Soldatak jaistea, besteak beste, «soldatak handiegiak baitira Greziaren produktibitaterako». Oraingoz erreformen emaitzak ikusi behar direla dio. Arrakastarik ez badute, behin-behinean gutxieneko soldata jaistea eta aparteko bi ordainsariak kentzea proposatu du. Grezian atzeraldia, soldatak jaistea eta langabezia handitzea «saihetsezinak» dira, Thomsenen ustez, herrialdearen defizit publikoa eta «lehiakortasun falta» ikusita.
Greziako Gobernua eta haren zorraren hartzekodun pribatuak, bankuak, akordioa lortzear dira, zorraren zati bat barkatzeko. Finantza ministerioko goi kargudun batek Capital ekonomia webguneari atzo esan zion ordu batzuk soilik falta zirela. Finantzen Nazioarteko Institutuak (IIF) ukatu egin zuen. Ez da akordiorik egongo «asteburua baino lehen» .
Burtsek akordio bat lortuko dutela uste dute. Atzo %1 eta %2 arteko igoerak izan zituzten Europako merkatu nagusiek.
Bozketa 13a baino lehen
Lukas Papademos lehen ministroak herenegun esan zuen astea amaitu baino lehen lortuko dutela, baina aste batzuk daramatzate gauza bera esaten. Evangelos Venizelos Finantza ministroak zehaztu du hilaren 13an bozkatuko dutela zorra barkatzeko plana parlamentuan.
Bankuek Greziari zor publikoaren zati bat barkatzea —gutxienez erdia— ezinbesteko baldintza da herrialdeak bigarren erreskatea jasotzeko. Gobernua eta IIF ari dira negoziatzen. Azken albisteen arabera, zorraren %70 inguru barkatuko diote. Greziak hartzekodun pribatuei zor dizkien 200.000 milioi eurotik 130.000 milioi euro inguru izango lirateke.
Negoziatzen ari diren bitartean, elurra egin du Grezian. Hotza. Atenasko Udalak kiroldegi bat eta hiru kultur etxe zabaldu ditu, etxerik gabeei aterpea eskaintzeko. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, iaz %25 hazi zen etxerik gabeen kopurua, eta 20.000-25.000 inguru dira herrialdean.
NDF ohartu da Greziako murrizketek mugak dituztela
Herritarren jasateko gaitasuna eta babes politikoa ez direla mugagabeak esan du NDFren ordezkari batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu