NDFk 400.000 milioi euro eskatu dizkie bazkideei, Europari uzteko

Euroguneko herrialdeek 150.000 milioi agindu dituztenez, Txinaren eta gorabidean direnen dirua nahi du FuntsakEslovenia laguntza eskatzeko zorian dago, eta Errumanian protesta handiak daude

Iker Aranburu.
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko herrialde batzuek finantzaketa beharra izango dutela kalkulatuta, diru gehiago jartzeko eskatu die Nazioarteko Diru Funtsak bere bazkideei. Christine Legarde NDFko zuzendaria presio berezia egiten ari da gorabidean diren herrialde handiei —Txina, Brasil, India, Errusia—, Japoniari eta petrolioa esportatzen duten herrialdeei, haiek dutelako aukera gehien. Bilioi erdi gehiago nahi du NDFk, ia-ia 400.000 milioi euro. Hilabete barru Mexikon G20ko taldeak egingo duen goi bilerarako dirua prest egotea nahi du.

Gaur egun, NDFk 300.000 milioi euro inguru ditu kutxetan, diru nahikoa herrialde txikiei uzteko, baina ezer gutxi Espainiari edo bereziki Italiari lagundu ahal izateko. Ikusita euroguneko estatuei laguntzeko sortutako bi funtsak —behin-behineko EFSF eta urtebete barru hura ordezkatuko duen ESM— diru gehiagoz hornitzeko arazo politikoak daudela, beharrezkoa izan daitekeen laguntza NDFren eskuetatik etortzea hitzartu dute euroaren eremuko estatuek. Arazoa da haiek bakarrik agindu dutela dirua —150.000 milioi euro—. Eurotik kanpo baina EBren barruan dauden estatu batzuek ere jarri beharko lukete zati bat, baina Erresuma Batuaren koxka gainditu beharko dute lehenik. Atzo bertan, David Cameron lehen ministroa prest azaldu zen Westminsterko Parlamentuari dirua uzteko baimena eskatzeko, baina bi baldintza jarri ditu: euroguneko herrialdeek beraiek «beren dirua babestea», eta beste estatu batzuek ere dirua jartzea.

Gainontzekoa aurkitzea ez da erraza izango. AEBetako Gobernuak garbi utzi du ez dagoela dirua jartzeko prest, nahiz eta hura den NDFren funtsen %40 hornitzailea. Hauteskunde urtea izanik, Kongresuak inolaz ere ez du onartuko Europa finantzatzea.

Gorabidean diren herrialdeen esku dago, hortaz, kontua. Errusiak iradoki du prest dagoela hura finantzatzeko, eta Txinako agintariek ere badute interesa: eurogunea da haien bazkide nagusia, eta haren ekonomiak hobera egitea komeni zaio, gehiago esportatu ahal izateko. Edonola ere, inork ez du dirurik jarriko eurogunekoek beraiek jarri dutela ikusi arte.

Duela urte eta erdi eskas tabu gaia zen NDFk Europa mendebaldeko herrialde bati dirua uzteko aukera, estigma ekarriko ziolakoan. Irudi txarra eragiteak atzeratu zuen, hain zuzen ere, Greziaren lehen erreskate plana, baina azkenean han izan zen NDF, 2010eko maiatzean. Orduz gero, Funtsak parte hartu du Portugalen eta Irlandaren erreskateetan ere. Haren dirua jasotzen hurrena Eslovenia izan daitekeela ohartarazi du herrialde hartako banku zentraleko presidenteak, Marko Kranjecek. Standard & Poor's agentziak Esloveniaren kalifikazioa maila bat jaitsi zuen joan den astean: AA- zuen, eta A+ orain. Esloveniak zor publiko txikia du euroguneko beste kideekin alderatuta, baina handitzen ari da: 2008an BPGaren %22koa zen, %38koa 2010ean eta %43koa iaz. Zor horri eta defizitari gehiegizko muga bat jartzeko ados jarri ziren herenegun Parlamentuko alderdi nagusiak, baina ez, ordea, gobernu berria osatzeko. Zentro-ezkerrarekin huts egin ostean, Damilo Turk presidenteak Marko Voljc bankariari eskatu dio gobernua osatzen saiatzeko.

Protestak Errumanian

Krisia hasi zenetik NDFren dirua jaso dute EBko beste estatu batzuek, Hungariak edo Errumaniak esaterako. Batean zein bestean austeritate neurri gogorrak hartu dituzte gobernuek, eta herritarren haserrea eragin. Errumanian, seigarren protesta eguna izan zuten atzo, eta zazpigarrena ere izango da gaur, oposizioak lehen aldiz manifestaziora deitu baititu herritarrak, Bukarest hiriburuan. Ostiralaz geroztik milaka lagunek eskatu dute Emil Boc buru duen gobernu kontserbadorearen dimisioa, baita Traian Basescu presidentearena ere. Bocek erantzun du esanez bozak udazkenean direla egitekoak eta ordura arte «egonkortasun politikoa eta ekonomikoa» behar dituela Errumaniak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.