NDFk denbora gehiago eskatu du defizitak jaisteko

Hazkundea trabatzen duten austeritate politikak alde batera uzteko eskatu dio Lagardek EBri

Iker Aranburu.
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Austeritate dosia euroguneko periferiako ekonomiak asko ahultzen ari direla onartu du Nazioarteko Diru Funtsak. Horregatik,defizita murrizteko denbora gehiago emateko gomendatu die EBko arduradunei Christine Lagarde NDFko zuzendariak. Gainera, hazkundea are gehiago txikitzen bada —eurogunea, bere hartan, atzeraldian dago—, zerga igoerak eta gastu publikoen jaitsierak bertan behera uzteko eskatu du.

Ez da lehen aldia NDFk gehiegizko austeritatearen aurkako mezua plazaratzen duena, nahiz eta gero haren teknikariek ezartzen dituzten planetan gastu murrizketek eta zerga igoerek leku asko izaten duten. Baina oharra orain egitea esanguratsua da: apirileanitxaropenerako printzak ikusi zituen NDFk euroguneko eta munduko ekonomiarentzat, baina egoera erabat lainotuta dagoela uste du orain. Arrazoia eurogunearen ahultasuna da, krisiaren «epizentroa», herrialde aberatsei ez ezik gainontzekoei ere eragiten diena.

NDFk uste du gobernuek gutxietsi egin dituztela austeritateak hazkundean dituen eraginak. Horregatik, Lagardek aipatu du EBk alde batera utzi beharko lituzkeela defizit mugak, eta gastu publikoari eutsi beharko lioketela. «Horrek herrialde gehienentzat balio du, baina batez ere eurogunekoentzat», zehaztu du.

Erreskatepean edo haren atarian dauden herrialdeentzat espresuki eskatu du kontuak orekatzeko denbora gehiago ematea. «Portugalentzat hori eskatu dut, Espainiarentzat ere, eta horixe da Greziarentzat ere eskatu nahi dudana; behin eta berriro esan dut bi urte gehiago beharko dituela kontuak orekatzeko programak arrakasta izan behar badu».

Zorraren barkamena

Espainiak eta Portugalek jada lortu dute epe luzeagoa defizita %3ra jaisteko, baina Greziak oraindik ez. Eta ez da hain erraza izango. Izan ere, Greziak ezin ditu bere kasara bi urte gehigarri horiek finantzatu, atzeraldia gogortzearekin batera murrizten ari zaizkiolako diru sarrerak, eta gero eta diru gehiago baliatu behar duelako pilatzen ari den zorraren interesak ordainduz joateko.

174.000 milioi euroren erreskatea handitzea izan daiteke aukeretako bat, baina politikoki ez dirudi oso egingarria. Nekez bada ere, Alemaniako Gobernuak ziur aski lortuko du Bundestagek Espainiaren erreskaterako dirua onartzea, baina Greziarentzatsos gehiago lortzea ezinezko lana da. Gauzak horrela, aukera bakarrenetarikoa da euroguneko estatuek Greziari zorraren zati bat barkatzea. Modu ahalik eta diskretoenean egitean dago gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.