NDFk dio herrialde aberatsak bizkorrago haziko direla eta motelago pobreagoak

Gutxien haziko diren eremuen artean jarraituko du euroguneak, baina itxura hobea du orain, petrolio merkeagoak, euro ahulak eta EBZren diruak bultzatuta

Olivier Blanchard Nazioarteko Diru Funtseko ekonomisten burua, atzo, Washingtonen. SHAWN THEW / EFE.
Iker Aranburu.
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Munduko ekonomiari joera aldaketa bat antzeman dio NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Moteltzen ari dira orain arte hazkunde tasa sendo bati eutsi dioten herrialdeak, gorabidean zeudenak edo garatzeko behar gorrian zeudenak. Eta, kontrara, hazkunde erritmoa bizkortzen ari dira herrialde aberatsak, 2007-2008an hasitako krisia gehien sufritu dutenak; haien klase ertaineko eta baxuetako herritarrek, zehatzago esateko.

Urtarrilean egindako azken iragarpenak berritu zituen atzo NDFk. Datu orokorrean ez dago aldaketa handirik: %3,5 haziko omen da aurten munduaren barne produktu gordina —%3,4 azken bi urteotan—, eta %3,8 datorren urtean. Mundua bi bloketan banatuz gero, herrialde aberatsak eta pobreagoak, ez legoke aldaketarik urte hasieraz geroztik, baina bi azpitaldeei begiratuz gero, alde nabariak ikusten dira, eta, behingoz, eurogunearen onerako dira. Greziako defizitaren aferak eztanda egin eta austeritate zorrotzaren bidea hautatu zuenetik, eurogunea hazkunde globalaren galga izan da, gainontzekoei traba egiten zien erraldoi zauritua. Datozen bi urteotan ere eurogunea ez da izango gehien haziko diren eremuen artean, baina bai, ordea, hazkundea bizituko dutenen artean:%0,9 iaz, %1,5 aurten, eta %1,6 datorren urtean. Gainera, urtarriletik hona iragarpena hobetu du NDFk: 0,3 aurten, eta 0,2 2016an. Arrazoiak ohikoak dira: Europako Banku Zentralaren zorraren erosketa programa, euro ahula eta petrolio merkeagoa.

Euroaren eremuaren barruan Espainia da izarra, hura haziko baita gehien (%2,5 aurten), baita espektatibak gehien handitu dituena ere (0,5). Baina datu horiek badute beren tranpa ere: Espainia gainontzeko estatuak baino gehiago hondoratu zen 2011-2013ko epean, eta orduko hondoratzearen errebotea da, neurri batean, oraingo hazkundea. Bigarren eragozpena langabezia da: ekonomia %2,5 hazita ere, NDFk uste du langabeziak estratosferan jarraituko duela: %22,6an.

Madrilgo agintarien mailan ez bada, NDFren txostenak bultzada emango die Pariskoei ere. Urtarriletik 0,3 puntu handitu du 2015eko BPGaren hazkunde iragarpena, %1,2raino. Kopuru apalegiak langabezia nabarmen jaisteko: iazko %10,2tik %9,9ra baizik ez da jaistekoa 2016an.

Eurogunearen barruan atentzioa eman du NDFk Greziari buruz duen ikuspegi baikorra: aurten %2,5 da haztekoa, eta %3,7 2016an. Atenas eurogunearekin erreskateei buruz ados jarriko dela kontuan hartuta egin ditu aurreikuspen horiek; gaur-gaurkoz, hori ez da batere ziurra.

Petrolioaren galtzaileak

Energiaren prezio txikiagoak aho biko ezpata dira, noski: bultzada emango diete herrialde aberats gehienei, baina kalte egingo diete erregai fosilak esportatzeaz bizi direnei. Kasurik larriena Errusiarena da: 2014an atzeraldiari izkin egitea lortu du (%0,6), baina bete-betean eroriko da hurrengo bi urteotan (-%3,8 eta -%1,1), petrolioaren eta gasaren salmentek osatzen baitute haren esportazioen zatirik handiena. Erregaien merkatzea ez ezik, Mendebaldeak Ukrainako gerra dela-eta ezarritako zigorrak ere zama dira Errusiako ekonomiarentzat.

Kaltetuen artean dago Latinoamerika ere, petrolioa ez ezik, beste lehengai gehienen prezioa ere jaitsi delako azkenaldian.

Gorabidean dauden herrialdeetan hazkunde erritmoa moteltzen ari bada ere, oraindik ere aberatsak ia halako bi haziko dira. Berrikuntza da aspaldiko partez ez dela Txina izango motorra, India baino. Txinaren ekonomiak hozten jarraituko du hurrengo urteotan (%6,8 eta %6,3), eta berotu egingo da, berriz, Indiarena (%7,5 hurrengo bi urteotan).

Edonola ere, hozteko joera ikusten dio NDFk munduko ekonomiari. «Biztanleria zahartzeak, inbertsio txikiagoak eta produktibitatearen urrats apalekhazkunde potentziala nabarmen jaistea ekarriko dute, herrialde garatuetan zein gorabidean daudenetan ere», ziurtatu du Olivier Blanchard-ek, NDFko ekonomisten buruak. Horrek eragina du orain ere, «espektatiba txikiagoek inbertsio gutxiago eta hazkunde txikiagoa ekartzen baitute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.