NDFk dio mundua atzeralditik atera dela, Asiaren bultzadari esker

Suspertzearen oinarriak ahulak direla ohartarazi du, eta ekonomiari laguntzeko neurriei eusteko eskatu du

Iker Aranburu.
2009ko urriaren 2a
00:00
Entzun
1945. urteaz geroztik munduak jasan duen atzeraldi ekonomiko luzeena eta handiena amaitu da. Hala dio Nazioarteko Diru Funtsak, baina ohartarazi du Europan eta herrialde aberatsetan suspertzea oso ahula izango dela, eta ez dela gai izango, lehen epean behintzat, langabezia murrizteko. Datorren urtean ere atzeraldian egongo diren herrialdeen artean Espainia (-%0,7), Islandia (-%2) eta Irlanda (-%2,5)baizik ez ditu aipatu du NDFk.

NDFk sei hilean behin munduko ekonomiari ematen dion begirada, aspaldiko partez, aurrekoa baino hobea da. Uztailean esan zuen munduko BPG %1,4 jaitsiko zela, eta %1,1 dio orain; datorren urteari begira ere baikorragoa da, %3,1ekoa espero baitu (sei hamarren gehiago). Herrialde pobreak %5,1 haziko dira, eta %1,3 aberatsak.

Baina hor amaitzen da NDFren baikortasuna. «Datu horiek ez diete gobernuei iruzurrik egin behar, ez eta krisia amaitu dela sinetsarazi ere», esan zuen atzo Olivier Blanchard NDFko ekonomista-buruak, Istanbulen. Batetik, suspertzeak bi oinarri ahul dituelako: Asian biltegiak betetzea, eta Mendebaldeko gobernuen gastu publikoa. Bata zein bestea jasangarriak ez direla onartu du Blanchardek. Herrialde aberatsen zor publikoa, esaterako, BPGren %110era iritsiko da 2014ean, eta hori pagatzeak aurrekontuen zati handia xurgatuko du.

Edonola ere, Blanchardek eskatu die gobernuei eta banku zentralei ez ditzaten ekonomia bultzatzeko neurriak bertan behera utzi, hala nola gastu publiko handia, interes tasa txikiak edo bankuei likidezia ziurtatzeko programak. Behar izatekotan, luzatzeko eta handitzeko gomendatu die. Atzo bertan, euroaren eremuko pako finantza ministroek hitzartu zuten krisiaren aurkako neurriei eustea, gutxienez 2011 arte.

Langabeziari buruz ere ezkorra da NDF, eta hazkundea itzulita ere, ez dira enplegu asko sortuko. Besteak beste, langabezia aurreko krisietan baino gutxiago hazi delako. Salbuespenen artean legoke Hego Euskal Herria.

Eskaera esportatzaileei

Epe erdira, NDFk dio bi arrazoi daudela hazkundea motela izateko: finantza sistema, «sendatzen egonagatik», ahula dela, eta herrialde esportatzaileek ez dutela barne kontsumoa handitu nahi. Batez ere Txina, Japonia eta Alemania ditu buruan NDFk. Azken hilabeteotan gutxitu egin dira Estatu Batuen eta herrialde inportatzaileen merkataritza defizitak, baina desoreken zuzenketa behin-behinekoa dela ziurtatu du NDFk. Halako gomendioak begi txarrez ikusten dituzte herrialde horietan, argudiatzen baitute ez dela beraien errua besteek nahi dituzten produktuak egiten badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.