Nazioarteko Diru Funtsaren ohiko errezeta da erretiroa atzeratzeko edo pentsioak jaisteko eskatzea. Baina gutxitan egin du atzo erabilitako hitz gordinekin. Izan ere, «jendeak espero dena baino gehiago bizitzearen arriskuaz» ohartarazi du NDFk. Arriskua omen da sistema publikoentzat ez ezik hainbat erakunde pribatuen geroarentzat ere.
«Gehiago bizitzea ona da, baina finantza aldetik arrisku handia dakar», azaldu du Jose Viñals NDFko burukide espainiarrak, erakundeak urtean bitan egiten duen bileraren atarian. «Gehiago kostatuko zaigu gizabanakoei, enpresei eta gobernuei. Horregatik, orain arduratu behar dugu bizitza luzeraren arriskuez, kostuek ez gaitzaten ito etorkizunean», azaldu du. NDFk datu borobila eman du bere kezka azaltzeko: «2050erako bizi-itxaropena uste dena baino hiru urte luzeagoa bada», zahartzearen kostuak %50 handituko dira herrialde aberatsetan, eta %25 gorabidean direnetan. Horrek milaka bilioi euroko gainkostua ekarriko lieke kutxa publikoei. NDFren arabera, gobernuek eta enpresa pribatuek —aseguru etxeek edo bankuek— gutxietsi egin dute bizi-itxaropenaren handitzea, eta horrek baliogabetu egin ditu orain arte arazo horri aurre egiteko hartu dituzten neurriak.
Konponbide gisa, Erik Oppers txostenaren egileak proposatu du bizi-itxaropena luzatu ahala automatikoki atzeratzeko erretiroa hartzeko adina. Horrek kostu politikoak gutxituko lituzkeela uste du. Pentsioen zenbatekoa jaistea edo kotizatutakoa handitzea ere begi onez ikusten ditu.
NDFk «jendea espero baino gehiago bizitzeko arriskuez» ohartarazi du
Pentsioak jaisteko eta erretiroa atzeratzeko eskatu du Nazioarteko Diru Funtsak, kostuak gutxitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu