NDFk uste du munduko hazkundea motelduko dela

Merkatuek bizkarra eman diote EBZren jaitsierari; Espainiaren zorraren interesak %7 gainditu du berriro

Ivan Santamaria.
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Diruaren prezioa puntu laurden bat jaisteko erabakiarekin finantza merkatuak pozaren pozez zoratzen ikustea espero bazuen, poker aurpegia geratuko zitzaion atzo Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteari. Europako burtsa gehienek behera egin zuten atzo. Urrezko domina, azkenaldian sarri gertatzen den gisara, Espainiako Ibex-35 indizeak eraman zuen: %3,1 jaitsi zen bere kotizazioa. Asteazkenetik ia %7 galdu du burtsak. Atzoko jaitsieran finantza erakundeak izan ziren protagonista berriro ere: Bankiak %6,5 galdu zuen, BBVAk %5, eta %4 baino gehiago Popularrek eta Caixabankek.

EBZren mugimendu eskasak berriro ere zor publikoaren gaineko presioa biderkatu zuen. Espainiako bonuen arrisku saria atzera ere 560 puntutik pasatu zen, eta hamar urtera begirako zorraren interesak %7 gainditu zuen. Ehuneko horren gainetik herrialde batek bere burua finantzatzeko aukerari eustea gero eta zailagoa da.

Europako nahaspilaren oihartzuna planeta osora hedatzen ari da. Hala uste du, behintzat, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Heldu den uztailaren 16an ekonomiaren egoerari buruzko aurreikuspenak gaurkotuko ditu erakundeak. Orain arte, mundua aurten %3,5 haztea espero zuen, baina kopuru hori murriztu beharko duela onartu zuen atzo Christine Lagarde NDFko zuzendari nagusiak.

Kezkatuta egoteko arrazoi sorta aipatu zuen Lagardek. «Inbertsioa, enplegua, hazkundea edo produkzioa islatzen duten indizeak moteldu dira toki batzuetan, eta beste leku batzuetan nabarmen egin dute okerrera». Arazoak ez direla soilik kontinente zaharrean pilatzen argudiatu zuen, dena den. «AEBen egoera ere halakoa da, eta krisialditik ateratzeko itxaropena jarri genien beste herrialde batzuetan ere egoerak okerrera egin du. Esaterako, Txina, Brasil eta India.

Diruaren prezioaren beherapena ontzat jo zuen NDFko buruak, eta ohartarazi zuen Europako ekonomia «guztientzako» seinalea izan behar duela.

Zipreren eskaera

Datorren astelehenean Espainiako bankuen erreskateari buruzko xehetasunak hitzartuko zirela aurreikusi zen, baina akordioa atzeratuko da.

Europak martxan duen beste erreskateari dagokionez, Ziprek erabaki du Errusian laguntza gehiago bilatzea. Hain zuzen ere, 4.000 milioi euroko mailegua eskatu dio. Dimitris Christofias Zipreko presidenteak uste du EBko eta Errusiako laguntzak bateragarriak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.