Zerk sortu duen sindikatuen haserrea? Batez ere, Adegik akordioa negoziatzen hutsetik hasi nahi izanak. Normalean, lan hitzarmena berritzerakoan azken ituna hartzen da kontuan, eta haren gainean egiten dira aldaketak. Oraingoan, ordea, patronalak 2007ko lan ituna alde batera utzi eta guztia negoziatu nahi duela esan du. Hasieratik eman zien horren berri sindikatuei, baina atzoko bileran jakinarazi zuen dagoeneko agindu diela enpresei lan hitzarmeneko artikulu batzuk ez aplikatzeko, indarrean egoteari utzi diotelako.
Sindikatuen arabera, epe bat hartu nahi dute, elkarrekin hitz egin eta ekintza sindikal bateratuaren bidez negoziazio mahaia desblokeatzen saiatzeko. Hala ere, argi utzi dute ez dela behin betiko erabakia, eta negoziazio mahaira itzultzeko asmoa dutela Adegi negoziatzeko prest ikusten dutenean. Datorren asteanbilduko dira sindikatuak, LAB barne, zein bide hartu erabakitzeko.
Patronalarekin hurrengo bilerarako eguna hitzartu gabe altxatu ziren mahaitik atzo ELA, CCOO eta UGT. Adegik, ordea, datorren astearterako deitu ditu sindikatuak. «Etortzen ez badira, ulertuko dugu negoziazioak blokeatzen ari direla de facto».
Ez du ongi hartu sindikatuek mahaitik alde egin izana. «Ez dugu onartuko ez sine die atzerapenik, ez aldi baterako hausturarik eta ez sindikatuen inposiziorik. Bada garaia negoziatzen hasteko». Haren arabera, hitzarmen bat lortzeko, ezinbestekoa da hasierako proposamenetatik abiatuta guztien arteko oreka bilatzea. «Ematen du, ordea, sindikatuek negoziazioa inposizio moduan ulertzen dutela. Euren jarrera maximalistetatik ezin mugituta jarraitzen dute, apur bat ere aldatu gabe».
Sindikatuen arabera, Adegi da aldaketarako batere borondaterik ez duena.ELAk esan du enpresaburuen elkartea negoziazioa blokeatzen ari dela Madrilen lan erreforma berria adostu artean, horrek lan baldintzak okertzeko aukera emango diolakoan. LABen iritziz, Adegik negoziaziorako aurkeztu duen plataforma «atzerakoia da». UGTk «erasotzailea» deitu dio. CCOOk esan du «kezkatu» egiten dutela jarrera «maximalistek», eta gogora ekarri du 2003an lan hitzarmenik gabe geratu zirela Gipuzkoako metaleko langileak.
Soldatak izozteko asmoa
Adegik esan du eskaeren arteko oreka bilatuta lortzen direla akordioak,baina oraingoan ematen du distantzia handia dagoela batzuen eta besteen artean. Metaleko lan hitzarmena, gainera, ez da edozein hitzarmen, jende kopuruari begiratuta Gipuzkoako garrantzitsuena baizik. 58.000 langile eta 2.000 enpresabururen interesak daude jokoan; herrialdeko langileen %18renak, hain zuzen.
Enpresen lehiakortasuna hobetu behar dela esaten du patronalak, eta malgutasuna eskatu du. «Enpresek testuinguru berri batean mugitu beharko dute aurrerantzean: lehiakorragoak, hobeak eta, kasu askotan, merkeagoak izan beharko dute. Hori kostuak murriztuta, enpresa malguagoak izanda eta ekoizpena hobetuta lor daiteke», azaldu du. Sindikatuen arabera, langileek ez dute inolako zerikusirik izan krisiaren sorreran, eta, beraz, ez dute zertan haren ondorioak jasan.
Proposamen zehatzetara jota, besteak beste,soldata izoztea, antzinatasunaren plusak kentzea, urtean 58 ordu gehiagoko lanaldia izatea eta ordu malguen kopurua 65 ordutik 120 ordura gehitzea eskatu ditu Adegik. Era berean, aipagarria da hitzarmenak irauten duen bitartean greba egitea debekatu nahi diela langileei, eta batzarrik ere ezingo dute egin lanorduetan. Bi urterako lan hitzarmena proposatu du Adegik.
Soldatetatik hasten dira sindikatuen eta enpresaburuen arteko ezberdintasunak. Krisia eurek sortu ez dutenez soldata handiagoa izateko eskubidea dutela diote langileen ordezkariek. LABek eskatu du igoerarik handiena. KPI+%3 nahi du; ELAk eta UGTk, KPI+%2; eta CCOOk, KPI+%1,25. Soldatekin batera, lanaldia izaten da langileek gehien erreparatzen dioten puntua. Sektorerako 35 orduko lanartea eskatu du ELAk, LABek urteko lanaldia 32 ordu jaistea nahi du eta UGTk hamasei ordu. CCOOk ez du horri buruz ezer esan.
Lan hitzarmenak eduki beharreko iraupenarekin ere ez datoz bat. Aurten adostutakoak aurten bakarrik egon behar duela indarrean diote ELAk eta LABek, eta bi urterakoa nahi dute CCOOk eta UGTk.
Gainerakoan, ELAk eskatu du enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu ahal izateko enpresa eta langile batzordea ados egon behar izatea, Geroa pentsio osagarrien planera egindako ekarpenak %5era igotzea, istripuek eta gaixoaldiek sortutako aldi baterako ezintasunak %100 osatzea eta aldi baterako kontratuak eta azpikontratazioak mugatzea.
Bizkaiko eta Arabako akordioa
CCOOren eskaera ere zehatza da. Araban eta Bizkaian lortutako akordioak Gipuzkoara ekartzea nahi du.«Bi herrialde horietan onartu badute, ez dago arrazoi objektiborik hemen ez onartzeko», esan du Jokin Cruz sektoreko arduradunak. Besteak beste, istripuetarako poliza bat sortzea, laneko gaixotasun eta istripuetako osagarriak %100ekoak izatea; berdintasunerako batzordea hobetzea eta Geroa-ko ekarpenak %2,30ekoak izatea nahi du. Cruzek Adegiri leporatu dio gainerako sindikatuen proposamenetan babestea CCOOren eskaerei ez erantzuteko.
UGTk enpresan urtebete baino gehiago daramaten langileei kontratu finkoa egiteko eskatu du. Horrez gain, antzinatasunaren plusa hiru urtetik behin berritzea nahi du; gaur egun, bost urtean behin egiten da.
Proposamena
ADEGIIraupena. 2010 eta 2011.
Lanaldia. 58 ordu luzatu urteko. Ogitartekoa jateko 15minutuak kendu eta lan egutegia araugabetu.
Malgutasuna.65 ordutik 120 ordura luzatu.
Soldata. Soldata igoerarik ez.
Antzinatasuna. Antzinatasun plusa kendu.
Aldi baterakotasuna. Aldi baterako langileen kopurua %10etik gorakoa duten enpresei orduez baliatzeko jartzen zaien debekua kentzea.
Aparteko ordainsariak. Aparteko neke, toxikotasun eta arriskua duten zereginen gaineko Lan Agintaritzaren kontrola kentzea.
Irteerak. Irteerak, dietak eta bidaiak izoztea.
Sailkapena. Lanbide sailkapenaren proposamen berria ezartzea.
Proba aldia. Proba aldia seihileko bakar batean uztea maila guztietan.
Prestakuntza. Prestakuntza kontratuak aldatzea, urteen mugak, iraupena eta prestakuntzarako denbora kentzea.
ABLEen bidezko kontratuak. Aldi baterako lanerako enpresen bidez kontratatutako langileei metaleko hitzarmeneko soldata taulak aplikatzeko betebeharra kentzea.
Zigorrak. Laneko portaera arauetan zigorrak gogortzea.
Ordezkariak. Ordezkari sindikalaren irudia kentzea. Bilera eta prestakuntzarako baimenak kentzea.
Batzarrak. Lan orduetan batzarrak egitea debekatzea.
Errelebo kontratua. Errelebo kontratua bultzatzeari uztea.
Bake sozialerako akordioa. Hitzarmenak irauten duen bitartean greba egiteko debekua.
Obra eta zerbitzu kontratua. Obra eta zerbitzu kontratu mota kentzea.
Mugikortasuna. Lan baldintzen eta mugikortasun geografikoaren funtsezko aldaketen artikulua kentzea.
6
Bilerak. Orain artean sei bilera egin dituzte Adegik eta sindikatuek metaleko lan hitzarmena lortzeko. Hurrengo hitzordua astearterako jarri du, enpresaburuen elkartean, nahiz eta sindikatuek ez direla joango esan duten. LABek bosgarren bileran utzi zuen mahaia.%18
Sektoreko langileak. Gipuzkoako langileen %18 metal sektorean aritzen dira gaur egun. Hain zuzen, 2.000 enpresa daude herrialdean, eta 58.000 pertsonak egiten dute lan haietan.Gipuzkoako sektorerik garrantzitsuena da metalekoa.Araban eta Bizkaian %2tik gorako igoerak izan dituzte
Lan hitzarmena berritu beharrik ez dute izango aurten Arabako eta Bizkaiko metal sektoreko langileek. Hala ere, soldatak eguneratuko dizkiete. 2007tik 2010era arteko hitzarmena adostu zuten Araban UGT eta CCOO sindikatuek eta SEA patronalak. Urtero KPI+ %1,15eko soldata igoera izatea hitzartu zuen. Joan den urtean KPIak %1 egin zuenez, aurten %2,15 gehiago kobratzen dute sektoreko 20.000 langileek. Bizkaian ere sindikatu berberek -CCOO eta UGT- lortu zuten akordioa FVEMekin. 2008tik 2011ra arteko iraupena du. Urtero soldatak KPI+%1,25 altxatzea adostu zuten. Beraz, aurten %2,25eko igoera izan dute sektoreko 70.000 langilek baino gehiagok.Lehen gatazka,UGTren parte-hartzea
UGTk sektoreko lan hitzarmenean parte hartu behar al zuen edo ez. Hori izan zen lehen gatazka Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenerako mahaira deitzerakoan. %5,95eko ordezkaritza du sindikatuak, baina Adegik negoziazioetan parte hartzeko aukera eman zion. ELA haserrre agertu zen erabakiarekin, gutxieneko ordezkaritza %10ean dagoelako finkatuta. «Metaleko hauteskunde sindikaletan lortu ez duen legitimitatea eman diote», esan zuen sindikatuak.Iruzurtzat hartu zuen gertatutakoa, eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruarentzat atzerapausoa zela gaineratu zuen. Sindikatuaren arabera, ELA negoziazioetatik baztertzen ere ahalegindu zen Adegi.ELAk du ordezkari gehien negoziazio mahaian
Hauteskunde sindikaletan lortutako emaitzen arabera zehazten da negoziazio mahaian sindikatu bakoitzak izango duten ordezkaritza. Gipuzkoan, metalean, ELAk irabazi zituen bozak eta hark du gehiengoa. Sei ordezkari dauzka mahaian, LABek hiru, CCOOk bi eta UGTk bat.Luzeak eta gatazkatsuak izaten dira gehienetan metaleko lan hitzarmena lortzeko negoziazioak. 2007koa adosteko, esate baterako, zortzi hilabete behar izan zituzten.
Erdibidea ere urrungeratzen da
M. Garate. DonostiaProbokatzailea. Atzerakoia. Ezin aurkeztuzkoa. Harroa. Hitz horiek erabili zituzten sindikatuek Adegik metal sektorerako egindako lan hitzarmenaren proposamena definitzeko. Soldatetan KPI adinako igoera eta lanaldia luzatzeko asmoa jarri zituen mahai gainean patronalak. 2007an izan zen hori, baina hasiera berbera izan dute aurtengo negoziazioek. «Probokazio hutsa da proposamena, negoziazioak leherrarazi nahi ditu Adegik», esan zuten sindikatuek otsailaren 2an, Adegik lehen proposamena aurkeztutako egun berean.
Luzejotzen du normalean metaleko lan hitzarmenaren akordioak. Azkena hitzartzeko, adibidez, zortzi hilabete behar izan zituzten. Lanorduak izan ziren orduan gatazkarako gai nagusia. Lehen proposamenean, urtean 32 lanordugehiago nahi zituela jakinarazi zuen Adegik, Europako gainerako herrialdeetan ere ordu gehiago sartzen zituztela argudiatuta. Guztiz bestelako asmoak erakutsi zituzten sindikatuek. Lehen bileran, hamasei ordu gutxiagoko lanaldia eskatu zuen LABek, hamabi ordu gutxiagokoa ELAk eta zortzi ordu gutxiagokoa CCOOk eta UGTk.
Norbere interesei tira egin zioten guztiek. LAB negoziazio mahaitik altxatu ere egin zen, orain ere hala egin dute sindikatuek. Era berean, asko izan ziren patronalak Miramonen duen egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzeak. Oraingoan ere protestarako prest daude sindikatuak, eta ari dira dagoeneko elkarrekinmobilizatzeko zein aukera dauden aztertzen.
Hilabeteetako ika-miken ostean, 2007an, Adegik eta LABek adostu zituzten azkenean akordiorako oinarriak. Gero, CCOOk eta UGTk ere bat egin zuten, eta azkenean hiru sindikatuek sinatu zuten hitzarmena. Langileen ordezkaritzaren %60 biltzen zuten hiruren artean. Sektoreko sindikatu nagusiak, ELAk, ezetz esan zion akordioari, «txarra eta patronalaren mesedetara egina» zelako. Orduen gaineko eztabaida konpontzeko, lanaldia lehen bezala uztea hitzartu zuten, hau da, aurreko hitzarmeneko ordu kopuru berberarekin jarraitzea.
Negoziazioak, ordea, ez dira Gipuzkoan bakarrik konplikatzen. Arabako eta Bizkaiko adibideak ere hor daude. Gaur egun indarrean dauden itunak 2007an eta 2008an egin zituzten hurrenez hurren. Aurrez, ordea, launa urte egon ziren langileak iraungitako lan hitzarmenekin soldatak izoztuta.