Lan harremanak

Negoziazio kolektiboaren blokeoa gainditzeko eskatu die Euskadiko CCOOk gainerako sindikatuei

Sektore mailako hitzarmenen baldintzak mantentzeko sektore arteko akordio bat proposatu du.

Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko otsailaren 12a
14:17
Entzun

Blokeoaren inertzia hautsi gura du Euskadiko CCOOk negoziazio kolektiboaren esparruan. Ez aurrera ez atzera dagoen egoerarekin amaitzeko deia egin du, horrek “Euskadin negoziazio kolektiboaren esparruak galtzeko arriskua” dagoelako. Hala esan du Unai Sordo sindikatuko idazkari nagusiak. Eta horretarako, 2014 eta 2015 urteei eragingo liokeen akordiorako proposamen bat eskaini die gainerako sindikatuei gaur goizean. Herenegun epaitegiek Arabako eta Bizkaiko metalgintza itunek indarrean segitzen dutela ebatzi ondoren, “epe berri bat” zabaltzen duela esan du sindikatuko ordezkariak, eta horregatik akordioen beharraz hitz egin du. Sindikatu guztiei begira egin ditu adierazpen horiek, baina bereziki LAB izan du gogoan. Sindikatuak Euskadiko CCOOren proposamena babesteak “garrantzia izango duela” esan du Sordok, nahiz eta hala izango balitz ez ere aurrera jarraitu beharko litzatekeela uste izan. “Negoziazio kolektiboa garrantzitsuegia da sindikatu batzuen iritzien erruz bertan behera geratzeko”.

Sindikatuak sektoreko hitzarmenen alde egiten jarraituko duela esan du Sordok, eta hala egiten ez dutenak salatu. Kasu honetan ELAri begiratuz. “Sektore mailako hitzarmenak blokeatzeko agertzen diren baldintzak enpresa mailakoetan onartu egiten dira”. Horregatik, sindikatu abertzalearen jarrera gaitzetsi du, “afiliazioari begira” egindako estrategiari eusten jarraitzeagatik. Are gehiago, hitzarmenak enpresaz enpresa negoziatzeko bide horrek “ibilbide mugatua” duela gogorarazi dio.
Euskadiko CCOOk egindako proposamenak sei puntu biltzen ditu. Honakoak:

- Azken hitzarmenek dauzkaten baldintzak mantetzea “eragin mugatua edo orokorra” izan arren ere.

- EAE mailan sektore arteko hitzarmen bat lortzea, eta horrek izatea lehentasuna denen gainetik.

- Soldaten inguruan, adierazle publikoen araberako igoera. Bestelako parametroak enpresa mailako hitzarmenetan hartu beharko lirateke.

- Lanorduen inguruan gaur egungo mailari eustea. Malgutasuna onartuko balitz, betiere enpleguari eustea baldintza bezal jarri du sindikatuak.

- Hitzarmenean biltzen diren baldintzak ez betetzeko ere baldintza jarri du. Enpresak enpleguari eusteko hitzarmen horrekin zailtasun “objetiboak” dauzkanean. Baina eskema bat egongo litzateke horretarako: Preco-an zehaztuko liratekeen epaiz kanpoko sistemak. Bertatik derrigorrezko arbitrajea kanpo geratuko litzateke.

- Mugagabeko ultraaktibitatearen alde egingo luke CCOOk, horien iraunaldia bermatzeko. Negoziazioak blokeatuta baleude, bitartekaritza eta arbitrajeari lotutako mugagabeko ultraaktibitatearen alde egingo luke. Eta bertan behera geratu diren hitzarmenentzat 12 hilabeteko luzapena.

Gainerako sindikatuekin akordio batera iritsiz gero, EAE mailako Lan Harremanetarako Kontseilu bat adosteko konpromisoa ere eskatuko luke sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.