Espainiako Gobernuak abiatu zuen lan erreformak berritzen ez ziren lan hitzarmenei urtebeteko iraunaldia eman zien, eta urtebete da epe hori iraungi zela. Euskadiko CCOOk urtebete horren balorazioa egin du gaur goizean, eta, Unai Sordo idazkari nagusiaren arabera, urte “txarra” izan den arren “okerragoa ere izan zitekeen”. Horretarako, datuak erabili ditu sindikatuak. Une honetan sektore mailako 111 hitzarmenetatik 69 oraindik sinatzeke daudela zehaztu du, eta horietatik 21ek itunean mugagabeko iraunaldia daukatela. “Auzi horiek epaitegietan daude”. Zehatzago adieraztearren, EAEko langileen %81,1 hitzarmenen babesik gabe daude. Hori horrela izan dadin, hainbat sindikaturen jarrera salatu du Sordok.
2012an lan erreforma indarrean jarri zenean hasi ziren sindikatuen arteko tirabirak areagotzen. ELAk, hasieratik enpresaz enpresako hitzarmenei eman zien lehentasuna, gainerakoen kritikak sorraraziz. Oraingoan ere eurentzat izan dira CCOOren hitzik gogorrenak. Afiliazioa lehenestea leporatu dio Sordok sindikatu abertzaleari: “Gatazka enpresetara eramanez datozen hauteskunde sindikaletan [udazkenean pilatuko dira gehienak] bozka gehiago jasoko dituztela uste baitute”. Negoziazio kolektiboa pribatizatzea egotzi dio. “Oso erraza da ulertzeko. ELAren jarrera osasun publikora eramanez gero, garbi ikusi daiteke. Sektoreko hitzarmenak gutxiesten dituzte, eta afiliatuta dauden enpresetan bakarrik borrokatzen dute itunen alde. Osasun zentro batera afiliatuta daudenak hartatzearen antzekoa litzateke jarrera hori”. Sordok, halere, ez du enpresetako borroka baztertu, sektore mailakoarekin batera egin beharrekoa dela uste du.
Akordioari begira
Baina sindikatu gehiagorentzat ere izan ditu hitzak. LABi zuzendu zaio, hain zuzen ere: “Ez daukate jarrera garbirik, uneoro ELAri begira dago”. Zentzu horretan Preco-ko akordioan azken unean ELAk eman zuen ezetzaren ondoren LABek ere atzera egin zuela gogorarazi du, eta baita sektore arteko azken bi negoziazioetan ere. “2011ko negoziazioetan LABek bertigoa izan zuen, eta pasa den urtekoan berriz, LABek eta patronalak”. Beraz, jarrerak argitzeko eskaera egin dio sindikatuari, baina kasu honetan ere hauteskunde sindikalek eragin zuzena izango dutela uste du, “sindikalki baino gehiago, politikoki eskuak lotuta dituelako”. Esan duenez, ELArekin lortu nahi duen akordioari begira dago LAB.
Une honetan negoziazio kolektiboaren egoera zaila dela onartu du Sordok, sindikatuen arteko indar korrelaziorik ez dagoelako. Horregatik, eragileen arteko indar metaketaren alde egiteko deia egin du CCOOk. “Sindikalgintza indartzen da, edo aitzakiek ez dute ezertarako balioko, egoera oso larria delako”. Une honetan Espainia mailan behin behineko kontratua dituzten langileen kopuruek finkoenak gailendu dituztela adierazi du Sordok, eta EAEn oraindik datu horiek ezagutzen ez badira ere, “prekarizazioari aurre egin behar zaiola” aldarrikatu du. Ildo horretan, sektore mailako hitzarmenei garrantzia ematea eskatu du, langile berrien lan baldintzak ez daitezen “hain prekarioak izan”. Azkenik, Preco edo lan gatazken bitartekaritza bermatuko duen kontseiluan akordioa lortzea ere beharrezkotzat jo du sindikatuak.