Lan erreformari aurre egin dakioke. Bai biharko grebaren bitartez, bai lan erreforma indarrean jartzen duten enpresetan mobilizazioak eginez, bai sindikatuak enpresa gehiagotara zabalduz eta baita, zergatik ez, enpresarioekin negoziatuta ere.
Lan erreformari eta bere ondorioei buruzko mahai-ingurua egin zuen atzo BERRIAk, eta zuzenean eskaini zuen berria.info-ren bidez. Eztabaidan parte hartu zuten Joseba Villarreal ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak, Garbiñe Aranburu LABeko Ekintza Sindikaleko arduradunak eta Koldo Irurzun Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harremanen Eskolako irakasleak.
Hirurak bat datoz: lan erreforma lan eskubideen eta negoziazio kolektiboaren kontrako azken urteetako eraso gogorrena da. Hala ere, ñabardurak ñabardura, praktikan, lan erreformari aurre egin dakiokeela aipatu zuten.
Nola? Negoziazio kolektiboa erabilita, Irurzunen esanetan: «Sindikatuek indarra eta presioa baliatuta bestelako akordioak bultzatu beharko dituzte enpresetan, itunetan ultraaktibitatea eta lan baldintzak bertan behera uzteko aukerak indargabetuz». Patronala ez dagoelako lan erreforma aplikatzeko eta azken muturreraino eramateko.
Praktikan, ez da hain erraza. Aranburuk gogoratu zuen azken urteetan enpresarioek negoziazio kolektiboa blokeatu dutela, lan erreformaren mesedeen zain. Villarrealek uste du enpresarioek ez dutela onartuko.
Langileak elkartzea eta antolatzea funtsezkoa da hirurentzat, «sindikatuak baikara erreformak uzten duen muga bakarra langileen eta betirako prekarietatearen artean», Villarrealen esanetan. Erreformaren helburuetako bat langileen babes kolektiboa ahultzea dela dio, eta sindikatuak dira, bere iritziz, enpresarioei mugak jarriko dizkieten bakarrak.
Baina enpresa gehienak txikiak dira, eta ez dago langileen ordezkaririk. «Erreformaren helburua langileak otzanak izatea da», dio Irurzunek, «eta langile antolatuen eskuetan egongo da erantzun bat edo beste ematea».
Gatazkak ugarituko eta gogortuko dira. Enpresarioek lan erreforma «muturreraino» eramaten badute, lan harremanen «eredu gatazkatsua» eragingo duela espero du Aranburuk. «Eta guk hesiak jartzeko dugun gaitasunaren araberakoa izango da erreformaren aplikazioa». Hala ere, enpresen eta lanbide arteko akordioen artean eremuak badaudela, eta horiek lantzeko prest dago LAB.
Biharko greba da sindikatuek lan erreformaren eta langileen artean jarri nahi duten hesi handietako bat. «Grebak balio du», Villarrealen iritziz, baina uste du ezin direla grebaren ondorioak egun batetik bestera neurtu. «Greba langileen abisua da enpresetako arduradunentzat, lan erreforma indarrean jartzeko asmoa badute arazo bat izango dutela erakusteko», Villarrealen arabera. Ildo beretik, Aranbururen esanetan, patronalak termometroa jarrita dauka, langileen erantzuna neurtzeko. Horregatik, lan erreformaren «erasoaren» pareko erantzuna eskatu du.
Negoziazio kolektiboa
Lan erreforma deitzen zaio, baina negoziazio kolektiboaren erreforma ere bada: ultraaktibitatea bi urtera mugatu du, probintzietako sektore hitzarmenak edukiz hustu ditu, enpresetan sektorekoak baino baldintza kaskarragoak ezarri daitezke eta hitzartutakoa ez betetzeko hainbat aukera eskaini ditu. Erreformaren «kalte nagusia» da Aranbururen iritziz, «negoziazio kolektiborako eskubidea lapurtu digute». Urteetan lortutakoa «enpresarioen esku» geratzeko arriskua dago, Villarrealen arabera.
Hala ere, LABek irtenbide berriak aztertu nahi ditu gainerako sindikatuekin, negoziazio kolektiborako eredu propioa eraikitzeko.
Enpresarioek malgutasuna eskatu dute krisiaren ondorioei aurre egiteko, baina hirurek ziurtatu zuten enpresek badituztela malgutasunerako tresnak, egoera berrietara egokitzeko: lanaldi kopuruak, aldi baterako kontratuak, nahi bezala antolatzeko orduen poltsak... «Baina patronalak mugarik gabeko malgutasuna nahi du, langileak salgai merkeak izatea», salatu zuen Villarrealek.
Greba orokorraren inguruko mahai ingurua hemen ikusgai:
www.berria.info
Greba orokorra
«Negoziazio kolektiborako eskubidea lapurtu digute»
BERRIAk lan erreformari buruzko mahai inguru bat eman du 'Berria.info' webgunearen bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu