Errezeta ezagunak dakartza, laugarren urtez, Espainian CEOE eta CEPYME patronalek UGT eta CCOO sindikatuekin negoziazio kolektiboa arautzeko berritu duen konfederazioarteko hitzarmenak. Aurrekoetan bezala, langileen soldatak neurriz igotzeko beharra onartu du akordioak, eta Espainiako Gobernuak urte bukaerarako aurreikusi duen inflazioa, %2, kontuan hartzea erabaki du.
Halaber, produktibitatearekin eta irabaziekin igoeraren portzentaje bat lotzea, eta errebisio klausulak ezartzeko gomendioa onartu dute patronalak eta sindikatuek.Itunak beste alor ugari ditu, baina, horietan, ez dago neurri zehatzik. Berritasun nagusia justifikaziorik gabe lanera huts egiten duten langileen egoera aztertzeko deia da, «produktibitateari kalte egiten dion praktika delako». Halaber, enpresen giza-erantzukizunari buruzko atal bat badago. Lan jardunaldiaren murrizketari buruzko erreferentziarik ez dago testuan; bai, aldiz, enpresa barruko antolakuntzaren malgutasunari buruzkoa.Pozik agertu ziren, guztiak, adostutakoarekin. Jose Maria Cuevas CEOE patronaleko presidentearen ustez, 2005ean «ziur asko» jarraituko duen «ziurgabetasun ekonomikoari» hobe aurre egiteko baldintzak emango dizkie itunak.CCOOko idazkari nagusiak, Jose Maria Fidalgok, akordio «handia» dela defendatu zuen. Milioika pertsonaren baldintzak arautzeko gizarte zibiletik egiten den lege bakarra dela azpimarratu zuen, halaber, Fidalgok. UGT sindikatuko idazkariak, Candido Mendezek, ituna sinatu izanak negoziazio kolektiboan egon zitekeen liskarra eta gatazka ia erabat indargabetuko duela uste du.Euskal Herritik akordioa kritikatu zuen lehena LAB sindikatua izan zen. Enpresaburuen etekinak hazten diren bitartean, langileen errentak sakrifikatzea egotzi zien UGT eta CCOOri. Halaber, absentismoari buruzko erreferentziak lan osasun arloan neurri atzerakoiak hartzeko aurrerapena direla salatu du.
LAN JARDUNALDIA. LANALDIA. NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA
Negoziazio kolektiborako hitzarmena berritu dute CEOEk, UGTk eta CCOOk
Langileen errentak «berriz sakrifikatzea» leporatu die LAB sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu