Aristregin (Nafarroa) nekazari bat hil zen atzo. Laborea biltzen ari zen uzta jasotzeko makinarekin, baina, oraindik argitu ez diren arrazoiak direla-eta, ibilgailua irauli egin zen, eta ondoren su hartu zuen.
Nafarroako Gobernuaren arabera, lan istripua 14:22an gertatu zen. Gizonezkoa makinaren barruan geratu zen harrapatuta, eta suhiltzaileek atera behar izan zuten handik. Ordurako, baina, hilda zegoen. Gorpua autopsia egitera eraman zuten.
Suteak labore saila hartu zuen, eta inguruko hariztira ere ailegatu zen. Hala, Nafarroako Gobernuak suhiltzaileez gain, hiru helikoptero bidali behar izan zituen hura itzaltzera. Espainiako Ingurumen Ministerioak ere hegazkin arin bat bidali zuen. 18:00 alderako kontrolatua zuten sutea.
LABek eginiko zenbaketaren arabera, urte hasieratik 42 langile hil dira Hego Euskal Herrian. Atzo hildako langilearekin, hamar pertsona hil dira Nafarroan lanean ari zirela, Bizkaian 21, Gipuzkoan zazpi, eta Araban hiru. Sindikatuaren arabera, ez da lanean hildakorik izan Ipar Euskal Herrian.
Larri, teilatutik erori ondoren
Gasteizen, berriz, langile bat larri zauritu zen herenegun, teilatu batetik behera erorita. Euskadiko CCOOren arabera, azken hamar egunetan, antzeko bi istripu izan dira hiriburuan.
Istripuz ez, baina amiantoarekin lan egin eta horrek sortutako gaitzaren eraginez hildako kasu baten berri ere eman du CCOOk. Manuel Silvestre Perez zen haren izena, eta 65 urte zituela hil zen atzo. 1973tik 1986ra pintore moduan aritu zen CAFek azpikontratatuta zeukan Eulogio Gutierrez enpresan.
Sindikatuak jakinarazi duenez, trenak margotzen eta lixatzen ibiltzen zen lanean, eta amiantoa erabiltzen zuen. «Osasun zainketak eta prebentzio neurriak prekarioak» izan direla erakusten du horrek, CCOOren ustez; CAFeko langileen artean eta, batez ere, azpikontratatutakoen artean.
Osakidetzak absentosia eta biriketako minbizia zuela esan zionean, langilea saiatu zen Osalanek eta Gizarte Segurantzak eritasun profesionaltzat har zezaten, baina osasun egoera zela-eta ezin izan zituen egin azterketak. Sindikatuak salatu du Osakidetzaren «hor konponeko jokaera», berak aurkitu baitzizkion eritasunak, eta horiek «argi eta garbi daude amiantoarekin lotuta».
Nekazari bat hil da Aristregin, uzta biltzeko makina irauli eta erre ostean
CAFek azpikontratatuko enpresa batean amiantoarekin lan egin zuen gizon bat hil dela jakinarazi du CCOOK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu