Hamar herrialdek Europako Batzordeari gutun batean atzo eskatu zioten azukrearen erreforma aldatzeko. Eslovenia, Espainia, Finlandia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania eta Portugaleko Nekazaritza ministroek sinatu zuten eskutitza. Mariann Fischer Boel Nekazaritza komisario izendatu berriari adierazi zioten uztailean proposatutako erreformak ondorio «suntsitzaileak» izango zituela herrialdeotako nekazarien artean.
Europako Batzordeak azukrearen prezioa %33 eta erremolatxarena %37 murrizteko proposatu zuen uztailean. Hamar ministroek erantzun zuten murrizketa horrek txikiagoa izan beharko lukeela. Horrez gain, herrialde bakoitzari dagokion produkzio kuotak eskualdatzeko planteatu zuen Bruselak. Aldiz, hamar herrialdeok aurka agertu ziren, eta kuotok batez ere herrialde esportatzaileei murrizteko eskatu zuten. Era berean, inportatzen den azukrea arautzeko sistema ezartzearen aldekoak dira, «aurrez kalkulatu daitekeen kopuru finko bat» egon dadin Europako Batasunean. Hamar ministroek komisarioari azpimarratu zioten erreformaren ondorioz milaka lanpostu galduko direla eta oso zaila izango dela horiei beste lan bat topatzea. «Ingurumen, ekonomia eta gizarte arrazoiengatik erremola ekoizpena beharrezkoa da Europako Batasuneko toki batzuetan», gaineratu zuten.
NEKAZARITZA. Azukrearen erreforma aldatzeko eskatu diote EBri hamar herrialdek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu