2009tik 2013ra bitartean, %50 igo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nekazaritza ekologikoan aritzen direnen kopurua, eta azalera %77. "Hori plan espezifikorik gabe. Sustapen plana martxan jartzean, beraz, posible ikusten dugu gaur egungo kopuruak bikoiztea 2016rako", adierazi du Roman Bengoak, ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakariak.
Jaurlaritzarekin batera ari da ENEEK nekazaritza ekologikoaren sustapenerako plana prestatzen. Bittor Oroz Nekazaritza sailburuordeak adierazi duenez, Europan, nekazaritza azaleraren %5 hartzen du nekazaritza ekologikoak; EAEn, berriz, %1. "Beraz, aukera handia dago sektorea indartzeko".
Sustapen plan horren barnean, behatoki bat sortzeko asmoa dutela zehaztu du Orozek. Elikakura ekologikoari, prezioei eta joerei buruzko azterketak egitea izango litzateke. besteak beste, haren lana. Katalunian, esaterako, iaztik dago martxan behatokia. Hain zuzen, Nekazaritza sailburuordeak adierazi du sustapen plan berri hori lehendik martxan daudenekin uztartuko dela. Atzo bertan, Jaurlaritzak Kataluniako Generalitatearekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen. "Ezagutzak transferitzea bultzatuko da, eta lantalde euskaldun-katalan bat eratuko da, proiektu zehatzak abian jartzeko".
Iazko emaitzak
Joan den urteko balorazioa ere egin du Bengoak. Operadore ekologikoen kopurua %8 hazi zen, baita labore ekologikoaren azalera ere. Gaur egun, 2.627 hektarea daude labore ekologikora bideratuta. Abeltzaintzari dagokionez, 77 dira ustiategiak, iaz baino %11 gutxiago. Azaldu du lurrak eta pentsua lortzea direla ekoizleen arazo nagusia.
Operadoreen fakturazioa %30 handitu zen 2012tik 2013ra bitartean; guztira, 13 milioi fakturatu zituzten.