Nekazaritza politikaren muturreko erreformarik ez du hobesten Bruselak

Gaur egungo sistema mantentzea edo NPBa ingurumenera mugatzea ere aukeren artean izango dira

Miren Garate.
Donostia
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
2013tik2020ra bitarteko NPBNekazaritza Politika Bateratuak nolakoa izan behar duen, hori erabaki beharko dute Europako Batasuneko Nekazaritza ministroek hurrengo hilabeteetan. Eztabaida ez dute hutsetik hasiko. Hiru proposamen jarri zituen mahai gainean atzo Dacio Ciolos Nekazaritza komisarioak. Neurri orokorrak baino ez dira, besteak beste, zenbateko aurrekontua izango duen zehaztu gabe dagoelako oraindik. 2011ren erdialderako espero dira proposamen zehatzak.

Ciolosek aurkeztutako aukeretako bat gaur egungo sistemarekin jarraitzea da, premiazkoenak diren aldaketak soilik eginda.Bigarren proposamenagoitik beherako aldaketa egitea da. Errentak osatzekoeta merkatuari begirako neurriak alde batera utziko lirateke, eta NPBa ingurumenari eta aldaketa klimatikoari lotutako helburuetara mugatuko litzateke.

Hirugarren proposamena tarteko zerbait egitea da. NPBa «ingurumenarekin begirunetsuagoa, zuzenagoa eta eraginkorragoa» izatea litzateke helburua. Oinarrizko kopuru bat finkatuko litzateke errentetarako. Diru gehiago lortzeko aukera izango lukete nekazariek eskualdearen ezaugarrien arabera edota ingurumena babesteko neurriak hartuz gero. Larreak mantentzea,landutako lurra aldatzen joatea, lugorri ekologikoa izatea eta fauna babestea ipini ditu neurri egokien adibidetzat Nekazaritza komisarioak. Gehienezko muga bat jarriko litzateke, langile asko dituzten etxaldeak ez zigortzen saiatuta.

Itxura guztien arabera, azken proposamen horrek egingo du aurrera. Alde batetik, ez dute nahi erreforma bat hasi gauzak dauden bezala uztekotan. Bestetik, ausartegia izatera ez da ausartzen Europako Batzordea, besteak beste, Frantzia, Alemania, Italia eta beste hainbat herrialde garrantzitsu errotikako aldaketa baten aurka daudelako. Herbehereak eta Erresuma Batua dira aukera hori babesten dutenak.

Hiru proposamenetako edozeinek aurrera eginda ere, gaur egun bezala, bi zutabe izango ditu NPBak. Ordainketa zuzenak eta merkatuari lotutako neurriak arautuko ditu aurrenak eta landa garapena bigarrenak.Orain artean, lehen zutabearentzat izaten zen NPBaren aurrekontuaren %80 eta bigarrenarentzat %20. Lehen zutabeko neurriak osoki Europako funtsetatik finantzatzen dira, baina bigarrenean ez du zertan hala izan.

Era berean, Ciolosek argi utzi du eskubide historikoak bertan behera utziko dituela. Orain artean, 2000, 2001 eta 2002. urteetako ekoizpena hartzen zen erreferentziatzat, eta horren arabera egiten zen aurrekontuen banaketa.Europako Batasunera sartu berri diren herrialdeak, ordea, ez daude ados horrekin, ordain askoz txikiagoak dituztelako. Esaterako, Greziako nekazari batek hektareako 500 euro jasotzeko aukera zuen, baina Letoniako batek ehun eurotik behera. Batez beste, 280 eurokoa da hektareako laguntza. «Gaur egungo sistemak arau ezberdinak ditu hamabost herrialdekoEuropako kide zirenentzat edo gainerako hamabi herrialdeentzat. Honek ezin du horrela jarraitu 2013tik aurrera», adierazi du.

Aktibo jarraitzen duten nekazariei laguntzea da erreformaren beste helburuetako bat. Izan ere, aurreko erreformak laguntzen desahokatzea ekarri zuen, hau da, ekoitzi ez arren, dirua jasotzeko aukera izan dute hainbat pertsonak azken urteotan. Neurri horren aurka agertu dira behin eta berriz Euskal Herriko nekazariak.



2013tik aurrera zer?

HIRU AUKERA

Lehen aukera. Gaur egungo sistema mantenduta, estatuen arteko diru banaketa «zuzenagoa» egitea.

Bigarren aukeran. Diru laguntzetarako oinarrizko kopuru bat finkatzea. Hori handitzeko aukera ematea baldintza batzuen arabera: eskualdearen ezaugarriak edota ingurumena babesteko indarrean jarritako neurriak hartuko lirateke kontuan, besteak beste. Larreak mantentzea,landutako lurra aldatzen joatea, lugorri ekologikoa izatea eta fauna babestea ipini ditu adibidetzat.

Hirugarren aukera. Errotikako aldaketa egitea. Errentak osatzeko neurriak eta merkatuari begirako neurriak alde batera uztea eta NPBa ingurumenari eta aldaketa klimatikoari lotutako helburuetara mugatzea.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.