Nere hartzetik, zezenera

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Nere hartza Izaba inguruan omen dabilen honetan, hartzen (bear ingelesez) baino zezenen (bull) zaleago agertu ziren atzo txerritxo ehiztariak. Salmenta giroa nagusi denean, txerritxoei hartz itxura hartzen dietela (bearish market) esan ohi da; aldiz, atzo zezen itxura (bullish) gehiago hartu zieten txerritxoei. Ondorioa: Camille bezain azkar galdu zen 9.000 puntuen langa berreskuratu zuen Ibex-35 indizeak. AEBetatik heldu bankuen mozkinei buruzko berriek (bezperan JPMorgan eta, atzo, Citigroup), Esloveniako hartzek baino poz handiagoa eragin zien txerritxoei. Jakina da, ordea, ehiztarien bertsioak ez dagoela gehiegi sinesterik. Indiana, Oregon edo Washingtonen, ordea, %10era iritsi da langabezia tasa eta, kopuru hori, jirafa bat Izaban bezain arrotza da lurralde horietan azken hamarkadetan. Kaiolarik gabeko zoo honetako orroak osatzeko, The Economist lehoiak Espainiako higiezinen gainbalioa %44koa dela kaleratu du. On egin dagiola.



Austria. Nobel sariak halako askatasuna eman (edo adierazten) duela dirudi. Cela idazle espainiarra gai zen edonor popatik hartzera bidaltzeko, eta Paul Krugman ekonomia Nobel saridunak Austria aipatu du hondoa jotzeko hurrengo hautagai lez; popatik. Europa ekialdean bere BPGren %70 halako maileguak emanak dituenez, bertako haize hotzak gogor jo lezake inperio ohia. Austriarren haserreaz gain, NDFko Strauss Kahn ere plazaratu da: egoera hain larria ez dela esan ordez, «nahiko ona» dela esatera ausartu da; Kopan Athleticen alde apustu egingo luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.