Gaur arteko epea zuen fiskaltzak Ghosnen aurkako salaketa formal bat egiteko. Egin izan ez balu, behin-behineko atxiloaldia amaitu eta Ghosnek libre geratu behar zuen.
Tokioko Fiskaltzaren arabera, 2011 eta 2015 artean Ghosnek eta Nissanek adostu zuten enpresak 9.855 milioi yen (76,5 milioi euro) ordainduko zizkiola bere buruzagiari. Ghosnek, ordea, diru horren erdia baizik ez zien aitortu Japoniako ogasunari eta burtsaren arautzaileari. Fiskaltzak zehaztu ez duen arren, auziari gertutik erreparatu dioten iturriek ziurtatu dute aitortu ez zuen zatia erretiroaren ondoren jaso beharrekoa zela.
Diru hori oraindik jaso ez duenez, deklaratu beharrik ez zegoela esan zioten abokatuek Ghosni, haren defentsak filtratu duenez. Jada hitzartuta zeudenez, ogasunari eta burtsaren arautzaileari jakinarazi beharrekoak zirela uste du, ordea, fiskaltzak.
2015etik aurreragoko ordainketengatik beste salaketa bat egin dio fiskaltzak Ghosni. Uste duenez, hitzartutako ordainketen %40,5 baizik ez zituen aitortu.
Ordainketak hitzartutakoak zirenez, Fiskaltzak Nissani ere leporatu dio dirua ezkutatu izana bere urteroko txostenetan.
Atxiloketa gertatu eta egun gutxira Nissaneko eta Mitsubishiko buruzagitzatik kendu zuten Gosn. Renaultek, ordea, ez du berdin egin, behin-behinean ordezkatu badu ere. Nissan, Renault eta Mitsubishi elkarlanean ari dira azken urteetan, eta Ghosn batasun hori sakondu nahian zebilen. Nissaneko beste buruzagiek mesfidantzaz ikusten zuten mugimendua, Renaulten menpe geratzeko arriskua ikusten zutelako, marka frantziarra txikiagoa izan arren.