Ekonomia ingeniaritzaren adibide bikainak». Horixe dira Alvin E. Roth eta Lloyd S. Shapley, Ekonomiako Nobel saridunak. Bakoitzak bere piezak erabili ditu, bere tresnak, baina puzzle berean lan egin dute. Elkarrekin aritu ez arren, elkarren osagarriak izan dira beren ikerketa eta emaitzak. Ekonomia merkatuak ikertu dituzte, aztertu dituzte horien arazoak eta proposatu dituzte matematika kalkuluek bideratutako irtenbideak. Abiapuntua Shapleyk jarri zuen, teoriarekin, eta Rothek eman zion segida, esperimentu eta diseinu praktikoekin. «Merkatu askoren jarduera hobetu dute». Hala bildu du Suediako Zientzien Akademiak plazaratutako erabakiak.
Roth (1951) ekonomista da, eta 1974. urtean egin zen doktore. Gaur egun, Harvard Unibertsitatean ari da irakasle gisa, Ekonomia eta Enpresen Administrazioa irakasgaiarekin. Bere lanetan merkatuen diseinua eta jokoen teoria landu ditu, batik bat. Azken hori izan da bi irakasleen elkarlanerako giltza. Horrek funtsean aztertzen duena da norbanako batek arrakasta izateko gainerako eragileek hartuko dituzten erabakiak aintzat hartu behar dituela.
Shapley matematikari eta ekonomista da (1923); jokoen teoriaren aitzindarietako bat, hain justu. Los Angelesko UCLA Unibertsitateko irakasle emeritua ere bada. Shapleyk jokoen teoria horretatik abiatuta garatu zuen, David Gale ekonomistarekin batera, Gale-Shapley algoritmoa. Horretaz baliatu eta hainbat aldaketa egin ondoren, Rothek eskaria eta eskaintza hobeto egokitzeko metodoak birdiseinatu zituen. Medikuntzan eta hezkuntzan aplikatu zituen teoriak, besteak beste. Organoen emaileen programa batean ere erabili zituen.
Abenduaren 10ean kate bereko bi begiak elkartu egingo dira Stockholmen, saria jasotzeko. Teoria eta jakintza bezala, hori ere elkarrekin banatuko dute —930.000 euro, guztira—. Estatubatuarrak dira biak, eta Christopher A. Sims eta Thomas J. Sargent herrikideen lekukoa hartuko dute; horiek makroekonomiaz egindako lanagatik saritu zituzten iaz.
Pertsonaiak. Alvin Roth eta Lloyd Shapley
Nobel saria ekonomia ingeniariei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu