Espainiako Gobernuaren eskaerari jarraituz, Manuel Lagares Ogasun katedraduna buru duen aditu talde batek zerga erreforma baterako proposamena egin du. Besteak beste, BEZ Balio Erantsiaren Zerga ordaintzen duten produktuen sailkapena aldatzea eskatu dute. Gaur egun, hiru tasa ezberdin daude zerga horretan: orokorra (%21), murriztua (%10), eta supermurriztua (%4). Aldaketa nagusia tasa murriztuan ezarri nahi dute, produktu gehienak tasa orokorrera pasatzeko. Erabakia justifikatzeko asmoz, gaur egun produktu eta zerbitzuen %40k ez duela tasa orokorra ordaintzen argudiatu du aditu taldeak.
Tasa murriztua duten produktuen artean elikagai gehienak daude. Proposatu den erreforma bere horretan onartuko balitz, horrela geratuko litzateke erosketaren saski arrunt bat:
BEZ %4 (Aldaketarik ez): Fruta eta barazkiak (freskoak eta izoztuak), lekaleak, patatak, ogi zuria, irina, arroza, esnea, arrautzak, eta gazta.
BEZ igoera %10etik %21era: Barazki kontserbak, ogi integrala, gailetak, gosaltzeko zerealak, esnekiak (jogurt, gurina, etab.), okela, arraina, okeletik eta arrainetik eratorritako produktuak, hestebeteak, azukrea, oliba olioa, freskagarriak, pasta, zukuak, kafea, aperitiboak, ura, elikagai landuak (pizzak eta antzekoak), etab.
BEZ %21 (Aldaketarik ez): Ardoa eta alkoholdun edariak.
Kontuan hartu behar da 2012. urteko irailaren 1ean BEZaren beste igoera bat egin zela. Orduko horretan tasa murriztua %8tik %10era igo zen, eta tasa orokorra, %18tik %21era.