«Nonbaitetik hasi behar»

ELBkoek Agour Irati esnetegia blokatu dute, industriak kanpotik ardi esnea ekartzen dutela salatzeko

ELBko kideak, Agour esnetegiaren sarrerako afitxa estaltzen, atzo, Heletan. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
CLPB kooperatibak gaznaren industriarekin dituen arazoak salatu eta biharamunean ekintzetara jotzea erabaki du ELBk. Laborarien sindikatuko kideek Agour esnetegia okupatu zuten atzo goizean, Heletan (Baxenabarre), industriak kooperatibako artzain- en esnea erosi nahi ez duela salatzeko.

Lerro hauek idazterakoan oraindik ez zen segurua ELBko 30 esne ekoizleek gaua esnetegian pasatuko zutenik. Asmo hori agertua zuten barda, eta afaria eta lo egiteko puskak elkartuak zituzten esnetegiko saltegian. Kanpoan polizia kamioi bat zeukaten zaindari eta beste polizia auto bat joan-jinak egiten. Goiz honetan erabakitzekoa dute zer segida eman ekintzari.

Anartean, atzo goizetik arratseraino blokatu zuten esnetegia. Halere, arratsaldean gasnak garraiatzen zituzten bi kamioi ateratzera utzi zituzten. ELBkoek azpimarratu zuten ez zutela deus bereziki Agour esnetegiaren aurka. Baina «nonbaitetik hasi behar da», azaldu zion BERRIAri Xabi Lopepe ELBko ardi esne ekoizleak.Esnetegian ez zutela deus andeatu gehitu zuen.

Esnetegiko zuzendari Peio Etxelekuk, berriz, ekintza «bortitza» salatu zuen, eta ez zuen onartu sindikatuko kideen elkarrizketatzea. Aitzinetik ez zutela «hitzordu galdera mikorik izan». Uxerra deitu zuen okupazioa baieztatzeko. Bere saltegiko 45 langile zuzenean mehatxuak direla adierazi zuen agiri batean, eta esnetegia «hilzorian» dela. ELBkoek Baionako suprefetarekin hitz egin ahal izan zuten telefonoz, eta hark erran zien sektoreko guztiekin prest zela bilkura baten antolatzeko, baldin eta okupazioa horretan uzten bazuten.

Kanpoko esnearen auzia

ELBk ekintza honen bidez argira ekarri nahi duen arazoa esnetegiek Frantziako Aveyronetik, Nafarroatik edo Espainiatik sartzen duten ardi esnea da, merkeagoa dena. Gehien bat Ipar Euskal Herrian ekoitzia den Ossau-Irati sor-markan ekoitzi 1.000 litro ardi esne 1.500 euroan dira, eta kanpokoa, berriz, 700-750 euro inguru.

Arazo bat bada ere kanpotik ekartzen den esne kopuruetan guztiak ez direla ados. Adibidez, ELBko sindikatuko batzuk adierazi badute Agourrek kanpoko esne kopuruak doblatu dituela iaztik, Etxelekuk ihardetsi du hori gezurra dela: «Kanpoko esne kopurua txikitu dugu. Orokorki, %34az beheiti da». Aurtengo sasoian zortzi milioi litro aipatu ditu Etxelekuk. Bederatzi milioi litro direla diote esne ekoizleek.

Lopepek gogoratu duenez, industrialek berek, otsailean Suprefeturan izenpetu akordioan, esne kopurua zazpi milioira mugatzea erabaki zuten. Baina, haren iduriko, zifren kontua baino haratago, arazoa printzipiozkoa da. Lekuko esne prezioa ikusten du arriskuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.