Novaltiako langileek manifestazioa egin dute ostiral honetan Bilbon, greba mugagabea hasi zenetik urtebete bete den honetan —hil honen hasieran langileekin izan zen BERRIA—. 2019ko uztailaren 22an hasi zituzten mobilizazioak, eta, denbora horretan guztian, 22 langilek parte hartu dute, produkziokoek bereziki; lantaldearen erdia inguru. Enpresak Zamudion (Bizkaia) eta Gasteizen ditu biltegiak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako botika banatzaile nagusia da. 2019aren hasieran, enpresa hitzarmena berritzeko negoziazioak etetea erabaki zuen zuzendaritzak, eta Espainiako hitzarmena aplikatzea erabaki zuen, langileen ordezkariek salatu dutenez.
Grebaren helburuak hauek dira: enpresako hitzarmena berreskuratzea, azpikontratazioa mugatzea, behin-behineko kontratuen baldintzak hobetzea, soldatak hobetzea, eta eskala bikoitza kentzea kontratazioetan —salatu dute kontratu berriek gutxieneko soldatatik gertu dauden nominak jasotzen dituztela—.
«Farmazien erantzukizuna»
ELAk deitutako manifestazioa 11:30ean hasi da: Bilboko Kale Nagusia zeharkatu du, eta Arriaga plazan amaitu da. Langileek salatu dute protesta abiatu zutenetik enpresak ez duela negoziatu nahi izan, eta greba eskubidea urratu du egin duela, mobilizazioan parte hartzen ari diren langileak ABLE aldi baterako laneko enpresetako beharginekin-eta ordezkatu baititu; horixe egin du ostiral honetako manifestazioan ere, sindikatuaren arabera.
ELAk Lan Ikuskaritzaren jarrera kritikatu du, greba hasi zenetik «jarrera geldoa eta pasiboa» izan duelako eta eskubideen urraketak ez dituelako zigortu. Eta farmazien «erantzukizuna» azpimarratu du, «Novaltiako akziodunak direlako».