EGITURA

Oasia merkatuentzat

Herrialde aurreratuetako burtsek irabazi handiekin amaitu dute 2013. urtea; Espainiako Ibex 35 indizeak %21 egin du gora urtearen joanean.

Ivan Santamaria.
2014ko urtarrilaren 5a
09:00
Entzun

Basamortu idor baten zeharkaldia da krisia. Hobekuntzaren oasi gehienak, ameskeria hutsak, edo oraindik urruti sumatzen diren errealitateak. Bada, ordea, giro itogarri horri ihes egin eta hobekuntzaren ur freskoa aurkitu duen esparrurik: ekonomia aurreratuen burtsa merkatuentzat aspaldiko urterik oparoena izan da 2013a. Krisiaren arrasto gutxi, eta irabazi handiak, aurreko urteko itxierarekin alderatuz gero.

Indartsuen AEBetako Dow Jones eta Alemaniako Dax indizea daude. Urtebetean, %26 egin du gora Dow Jonesen kotizazioak,  eta %25 Daxenak. Wall Streeten igoerak ez du etenik izan, eta 52 aldiz lortu du bere markarik onena gainditzea. Hala ere, igoera adierazgarriena Asian gertatu da. Shinzo Abe Japoniako lehen ministroaren gobernuak yen diruaren balioa jaisteko asmoz abiatutako Abenomics politikak bultzatuta, Nikkei indizea %56 igo da.

Espainiako burtsak ere hazkunde oso handia izan du. Lehen urte erdia gora eta behera ibili ondoren, udatik aurrera indarra hartu du Ibex 35 indizeak, eta balioa %21 handituta bukatu du urtea. Enpresa bat balitz, inbertitutako ehun euroko beste 21 euroko balioa handituko zuen. Bilboko burtsaren indizea (Bilbo 2.000)  %24 handitu da. Krisian dauden euroguneko beste herrialde batzuetan argazkia antzekoa da. Erreskatea atzean utzita, Irlandako burtsa %33 igo da, eta Greziakoa, %27.

Ifrentzua gorabidean dauden herrialdeetako merkatuetan ikusi da. Finantza egoerari buruzko zalantzek inbertitzaileak uxatu dituzte hainbat herrialdetan. Hala, Brasilgo indize nagusia, Bovespa, %18 jaitsi da, eta Turkiako BIST indizeak %16 egin du atzera, besteak beste.

Munduko burtsa nagusien hazkundea antzeko arrazoietan oinarritu da. Lehenik eta behin, banku zentralek diruaren interes tasak zerotik oso gertu jarri dituzte. Horrek beste inbertsio produktu batzuen —gordailuak, esaterako— errentagarritasuna murriztu du. Horrekin batera, banku zentral gehienek ezohiko politikak eraman dituzte aurrera, likidezia errazteko. AEBetako Erreserba Federalak aktibotan 85.000 milioi dolar erosi izan ditu hilero ekonomiaren susperraldiari laguntzeko, eta antzeko programak erabili ditu Ingalaterrako Bankuak.

Merkatuetan politika horiek eragin dute zalantza nagusia: noiz itxiko zuen Erreserba Federalak diru merkearen iturria eta nolako eragina izango zuen? Fedek argi utzi du baduela asmoa abenduan apurka laguntza erretiratzeko, hileroko erosketari 10.000 milioi dolar kenduta. Burtsen erreakzioa, zalantzak zalantza, ez da txarra izan, eta AEBetako susperraldia indarra hartzen ari dela ondorioztatu dute aditu gehienek.

Atlantikoaren beste aldean ere lasaitu da giroa apur bat. Ekonomia errealak jota jarraitzen du, kreditu eskasak eta langabeziak itota. Haatik, dirua dutenentzat eta arriskua hartzeko prest daudenentzat babesleku bihurtu dira errenta aldakorreko merkatuak, are gehiago, errenta finkoko merkatuen egoera baretu zenetik, Europako Banku Zentralak egindako esku hartzeen ondorioz. Euroa apurtzeko arriskua desagertzeak ere berriro erakarri ditu atzerriko inbertitzaileak.

Ibex 35, joera aldaketa

Espainiari dagokionez, burtsaren igoera lehenbizikoa izan da 2009. urtetik. Urte bat lehenago, 2008an, Ibex 35 %40 hondoratu zen, finantza krisiak aurrean eramanda. 2009. urtean, burtsak egoerari buelta eman zion, eta ia %30 igotzera iritsi zen. Esan ohi da burtsaren hazkundeak ekonomia errealaren hobekuntza aurreratzen duela, baina ondoren ez zen halakorik gertatu, eta hiru urtez atzera egin zuen, kotizazioaren heren bat bidean galduta.

Urtea 10.000 puntuetatik oso gertu amaitu zuen indize nagusiak. Haatik, urteko lehen erdian ahul agertu zen. Ekainaren 24an behea jo zuen Ibex 35ek, baina hortik aurrera joera aldaketa oso adierazgarria izan zen. Kotizazio txikienetatik urte amaierara kotizazioak %31 egin du gora. Edonola ere, krisiaren aurretik zuen mailatik urrun jarraitzen du indizeak, 15.000 puntutik gora egon baitzen kotizazioa. Negozio aldetik ere gora egin, eta 700.000 milioi euro baino gehiago salerosi ziren iaz Espainiako burtsaren bidez, BME kudeatzaileak emandako datuen arabera.

Enpresa gehienek euren kapitalizazioa hobetzea lortu dute aurreko urteko itxierarekin alderatuz. Ibex 35eko hiru konpainia baino ez dira igoerarik gabe geratu: Bankia eta Accionarekin batera, Nafarroako Viscofanek osatzen du hirukotea, kotizazioa %3,4 murriztuta. Kontrako bidea egin du beste euskal enpresa batek: Gamesak lortu du kotizazio igoerarik handiena, %356 handituta. Hazkunde aparta izan bada ere, azken urteetan gainbehera oso esanguratsua izan du konpainiak merkatuan. Hala, 2013. urteko itxieran zuen kapitalizazio mailatik urrun segitzen du. Gamesaren atzetik kokatu dira Bankinter eta Sacyr. Haatik, azken konpainia horrek zigor gogorra jasan du 2014. urtea hasi bezain pronto, Panamako kanala handitzeko lanak utziko zituela iragarri ondoren. Lidergo aldaketa ere izan da indizean: Inditex bihurtu da gehien kotizaturiko enpresa, Santander bankuari eta Telefonicari aurrea hartuta.
Wall Streeteko zezena

Zezen batek irudikatzen du kotizazioak gora egiten dituen sasoiak Wall Streeten, eta, emaitzak ikusita, indartsu ibili da animalia joan den urtean. Indize nagusiak, Dow Jonesek, hazkunderik handiena lortu du 1996. urtetik. Alderdi errepublikanoak Barack Obamaren gobernua trabatzeko egin dituen saioei edota itxiera federalari entzungor, aspaldiko emaitzarik onena lortu du burtsak.

Asko izan dira inbertitzaileak erakarri dituzten enpresak. Netflix bideoklubak edo Best Buy kontsumo saltokien kateak kotizazioa biderkatu dute. Tesla autogileak nahiz Yahoo eta Facebook konpainia teknologikoek ere urte oparoa izan dute. Google enpresaren akzioak ere %58 garestitu dira, eta 1.100 dolar balio izatera iritsi dira. Halaber, zenbait enpresak burtsara ateratzeko erabakia hartu dute: aipagarrienak, Hilton hotelak eta Twitter.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.