Obamak ez du errepublikanoen botorik lortu bere planaren alde

AEBetako Ordezkarien Ganberak demokraten bozkekin onartu du ekonomia sustatzeko lege proiektua

Iker Aranburu.
2009ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Alderdikerien gainetik gobernatzeko asmoa agertu zuen Barack Obamak bere kanpainan, eta horretan saiatu da bere lehen proiektu nagusian, ekonomia sustatzeko planean hain zuzen ere. Baita huts egin ere. Alderdi errepublikanoko kideak planaren beharraz konbenzitzeko saioek ez dute emaitzik eman: Ordezkarien Ganberako 177 kide errepublikanoetatik bakarrak ez zuen aldeko botorik eman.

Hamaika demokratek ere egin zuten planaren aurka, baina hala ere emaitza oso argia izan zen: 244 alde eta 188kontra. Orain plana Senatuan dago. Ganbera horretan demokraten gehiengoa estua izanagatik, ez da espero atzera botatzea eta otsailaren erdialdera onartuko dute ziurrenik.

Obamak aurkeztutako planak aurreikusten du hurrengo bi urteotan 819.000 milioi dolar gastatzea (625.000 milioi euro) ekonomiari bultzada emateko. Azkenean, ordea, baliteke plana 900.000 milioira ere iristea, Senatuko demokratek zerga tasan egin nahi duten doikuntza baten ondorioz.

Planaren kostuaren zati handi bat -275.000 milioi dolar-erdiko klaseei edo irabazi apalenekoei zergen jaitsierari dagokio. Soldatetan egiten den atxikipenak berehala murriztuko dira: 500 dolar gizabanakoentzat eta 1.000 dolar bikoteentzat. Demokratek espero zuten neurri horrekin errepublikanoen botoa lortuko zutela, baina alderdi horretakoek gehiago begiratu diote gastu publikoaren handitzeari, eta beraien joera liberalei erreparatuta, diru gehiegi ikusi dute hor.

Izan ere, Obamak proposatu du 540.000 milioi dolar gastatzea hainbat arlotan:141.000 milioi dira joatekoak AEBetako eskolak berritzera, 90.000 milioi errepideak, zubiak eta beste azpiegiturak hobetzera, 87.000 milioi Medicaid osasun publikoko programara, 54.000 milioi energia iturri garbiak garatzera; eta 102.000 milioiestatuek inor kalera ez dezaten ziurtatzera edo langabezia laguntzetara. Langabeak izango dira, hain zuzen ere, laguntza bizkorren somatuko dutenak: astero 25 dolar gehiago izango dituzte eta saria jasotzeko epea luzatuko zaie.

Errepublikanoen iritziz, zerga murrizketak txikiegiak dira eta gastu publikoaren handitzeak ez du ekonomian eragin bizkorrik izango. Baina ekonomista aurrerakoiak ados daude epe erdira gastu publikoa eraginkorragoa dela, enpleguak eta zerga bidezko diru sarrerak eragiten dituelako, eta krisi garaian zergetan aurreztutako asko aurreztera jotzen dutela erdi klaseko familiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.