AEB. Enplegua sortzeko plana

Obamak plan handi bat aurkeztu du, zergak jaitsita enplegua sortzeko

Plana onartzeko, errepublikanoen babesa behar du, baina, zorraren mugarekin zer gertatu zen ikusita, zaila izango da lortzeaObamak 2012ko hauteskundeetarako indartzeko erabili nahi du egitasmoa

jakes goikoetxea
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Obamak kanpaina hasi du. Lanpostuak sortzeko plan erraldoi bat aurkeztu zuen herenegun gauean Kongresuan, bai ekonomia suspertzen saiatzeko, baina baita 2012ko hauteskundeei begira bere burua distirarazteko. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak, ordea, errepublikanoen babesa behar du plana onartu ahal izateko.

447.000 milioi dolar inguruko plana da (323.000 milioi euro), espero baino handiagoa, AEBen barne produktu gordinaren %3 inguru. 2009an, kargua hartu berritan, krisiari aurre egiteko 787.000 milioi dolarrekoa onartu zuen. Planaren oinarria zerga kenkariak dira. 240.000 milioi dolar guztira. Onartuz gero, langileek erretiro funtsari ordaintzen dioten zerga aurtengo %4,2tik—%6,2ra bueltatu behar du 2012an— %3,1era jaitsiko da. Enpresa txikiek langileak kontratatzeagatik ordaintzen dituzten zergak ere erdira jaitsi nahi ditu, %6,2tik %3,1era. Langileak kontratatzen edo soldatak igotzen badizkiete, zenbait kasutan, ez dute zergarik ordainduko.

Obamak dirua utzi nahi du langileen eta enpresen eskuetan, batzuek gehiago kontsumitzeko eta besteek langileak kontratatzeko.

Horrez gain, 80.000 milioi dolar inbertituko dituzte azpiegitura berrietan edo zaharrak berritzen: errepideak, zubiak, eskolak, aireportuak, trenbideak... Bestelako hainbat neurri ere baditu planak: langabezia sariak gehitzea, diru faltagatik kaleratutako irakasleak eta suhiltzaileak berriro kontratatzea, iraupen luzeko langabeentzako kenkariak...

Plana urtea amaitu baino lehen lege bihurtu nahi du Obamak, baina ez daki aurrera atera ahal izango duen. Errepublikanoen baimena behar du horretarako, errepublikanoek baitute Ordezkarien Ganberako gehiengoa. Zaila izango da errepublikanoek plan osoa babestea.

Ezezkoaren arriskuak

Obamak mezu zuzena eta hitz lauak erabili zituen, herritarrengana iristeko eta errepublikanoei erronka jotzeko: «Herritarrek gogor lan egiten dute beren erantzukizunak betetzeko. Galdera da ea guk geurea beteko dugun. Ea krisi nazional batean zirku politikoa gera dezakegun, eta benetan zerbait egin ekonomiari laguntzeko. Planak ez dauka polemikarik sortzeko ezer». Zorraren muga handitzeko udan izan duten muturreko gatazkaz ari zen AEBetako presidentea.

Errepublikanoentzat ez da hain erraza izango Obamaren planari ezetz esatea, plana errepublikanoen oinarrizko eskaera batean oinarritzen baita: zergak jaistea. Ezetz esaten badute, zuritu egin beharko dute zergatik esaten dioten ezetz lanpostuak sortzeko plan bati. Zuritu egin beharko dute zergatik esaten dioten ezetz zerga kenkariei. Zuritu egin beharko dute zergatik ez dizkieten zergak gutxitu nahi erdiko klaseari, eta bai aberatsenei.

Hala ere, Obamak herenegun gauean ez zuen zehaztu enplegu planerako dirua nondik aterako duen. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak defizita murrizteko konpromisoa hartu du, eta enplegu planeko 450.000 milioi dolarrak beste nonbaitetik kendu beharko ditu.

Irailaren 19an plan osagarri bat aurkeztuko du, atzo jakinarazitakoa baino «asmo handiagokoa», defizit eta zor publikoak gutxitzeko. Plan horrek, Obamaren esanetan, «enplegu planaren kostua estaltzeaz gain, luzera begirako zorra egonkortuko du».

Kongresuak batzorde berezi bat sortu zuen, abendua baino lehen gastu publikoaren 1,2 bilioi dolar nondik murriztu aztertzeko. Obamak enplegu planaren 450.000 milioi dolarrak gehitu nahi dizkio kopuru horri eta batzordeko ordezkarien lanari.

Kanpaina hiriz hiri

AEBetako presidenteak kanpaina berezi bat hasiko du gaur bertan, enplegu plana herritarrei azaltzeko. Hainbat hiri bisitatuko ditu, presidente lanetan, baina baita 2012ko hauteskundeetarako kanpaina prestatzeko ere. Hauteskundeak hurrengo urtean dira, eta haren ospea inoiz baino apalagoa da, krisiaren eta errepublikanoen boikotaren eraginez. Errepublikanoeiburuzko iritzia ere okertu egin da defizitaren muga handitzeko gatazkaren ondorioz.

Errepublikanoen boikotak eskuak lotuta eta jokoz kanpo utzi dute. Orain Obamak aurrea hartu nahi die agenda politikoan. Atzo errepublikanoei esan zien agian hauteskundeak arte itxaroteko tentazioa izan dezaketela, baina hamalau hilabete denbora gehiegi dela herritarrak zain egoteko.

Enplegu planak bi eratako erreakzioak eragin zituen errepublikanoen artean: John Boehner Ordezkarien Ganberako presidenteak esan zuen merezi duela proposamena aintzat hartzea, eta elkarrekin lan egin dezaketela; Tea Partyko hainbat ordezkari, ordea, ez ziren Kongresuko hitzaldira joan ere egin. Boehnerrek ez zuen argitu errepublikanoen babesaren trukean zer eskatuko dioten Obamari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.